50 lekuko aparkaleku berri bat eraikiko dute Altzan
Altzako Felix Iranzo pasealekuan, Arriberri inguruan, aparkaleku berria eraikiko dutela iragarri du Donostiako Udalak. Hiri Proiektuetako zinegotziak, Marisol Garmendiak adierazi duenez, Altzako aparkaleku beharrak arintzeko helburua du proiektuak. “Udal titulartasuneko lursail bat aurkitu dugu Felix Iranzo pasealekuaren amaieran eta Sasuategi bidearen hasieran, gaur egun sastraka ugarik okupatzen dutena”, azaldu du zinegotziak.
Lursailean autoentzako 43 leku eta motoak aparkatzeko 2 gune egongo dira. Gainera, lursailaren inguruak egokituz, autoentzako beste 5 plaza eta motoen gune berri bat lortzeko asmoa dutela jakinarazi dute. Hala, autoentzako 48 plaza eta motoak aparkatzeko 3 gune izango dira guztira, 1.250 metro koadroko azalekoak.
Garmendiak adierazi duenez, aparkalekuak “drainatze sistema jasangarri bat izango du, euri-urak infiltratzeko gai diren zoladura geruzen bidez kudeatuko dituena”. Gogorarazi dute antzeko esperientzia abian jarri zutela Txomiñeneako aparkatzeko gune txiki batean. Halaber, azaldu dute EHUko Ingeniaritzako ikasle batek garatu duela ideia: “praktikak Hiri Proiektuen departamentuan egiten ditu eta gradu amaierako lan gisa aurkeztuko du. Gipuzkoako Foru Aldundiak eraginkortasun energetikoko eta iraunkortasuneko proiektuei ematen dizkien diru laguntzetara aparkalekua aurkeztea da asmoa”.
Lanak egiteko epea lau hilabetekoa dela jakinarazi du Garmendiak, eta 361.638 euroko aurrekontua du. “Beharrezko tramiteak egin ondoren, lanak uztailean hasi daitezke”, gaineratu du zinegotziak.