Kaleratzeak Stop plataformaren ustez, Azorak alkateari emandako erantzunak ez ditu "zalantzak argitzen"
Azora funts putrearen arduradunekin bilera bat izan zuela jakinarazi zuen Eneko Goiak atzo, eta azaldu zuen indarrean dauden kontratuak bere horretan mantentzeko konpromisoa hartu duela Azorak. Hala ere, Goiaren erantzunak, ez zuen argitu zer gertatuko ote den hemendik aurrera iraungiko diren kontratuekin, eta dagoeneko iraungita daudenekin.
Kaleratzeak Stop plataformak ohar berri bat zabaldu du, Goiak egindako adierazpenen harira: “Goiari bere esku-hartzea eskertzen diogu, baina Azorak alkateari emandako erantzunak ez ditu gure zalantzak argitzen. Zer gertatuko da iraungita dauden kontratuak dituzten bizilagunekin?”, adierazi dute.
Horrela, etxebizitza duinen aldeko plataformak eskaera berri bat luzatu dio EAJkoari: “Kontratua iraungita duten lau familiaren kasua ezagutzen dugu gertutik, baina Inmobiliaria Vascongada higiezinak hamar zirela jakinarazi zuen. Alkateari exijitzen diogu Azorari azalpenak eskatzeko, eta argitzeko zein baldintzetan berrituko diren kontratu horiek”. Era berean, jakin nahi dute zein den Azorak iraungitako kontratu horiekin izan duen prozedura.
Duela aste batzuk atera zen argitara kasua: Inmobiliaria Vascogandaren erosketarekin, Azora funts putrea higiezin euskaldunak hirian alokairuan zituen etxebizitzen alokatzailea bilakatu da. Horren ondorioz, Parte Zaharreko, Groseko eta Egiako 300 familiaren “etxegabetze arriskuaz” ohartarazi du Kaleratzeak Stop plataformak.