Nahiago bidegabekeria sufritu, hura sorrarazi baino
‘A Hidden Life’
Zuzendaria: Terrence Malick
Herrialdea: AEBak / Alemania
Urtea: 2019
1938. urtean Alemania naziak Austriako lurraldea menderatu nahi izan zuenean, Sankt Radegund herrixkako nekazari bakar bat agertu zen okupazio horren aurka: Franz Jagerstatter. Handik gutxira, Bigarren Mundu Gerran, Alemaniako armadaren deiari eta Hitlerri men egiteari uko egiteagatik Hirugarren Reichak preso hartu eta heriotza-zigorra ezarri zion.
Heroi ezezagun honen istorioa belaunaldi-belaunaldiz pasa da, 2017. urtean Benedicto XVIak, bere etika eta ausardia balioetsiz, beato izendatu zuen arte. Egun ikusgai dugu pantaila handian bere bizitzan oinarritutako filma: Terrence Malickek zuzendutako A hidden life (2019).
Days of heaven (1979) filmarekin zuzendari onenaren saria jaso eta The tree of life (2011) filmarekin Urrezko Hartza irabazi ondoren, Cannesko sail ofizialean estreinatu zuen Malickek muturreko kritikak jaso dituen azken film hau. Azken urteotan bere ibilbideak hartu duen norabide esperimentala alde batera utziz, jatorrira, narrazio klasikora, itzuliko da istorio hunkigarri eta mingarri honekin. Hori bai, lan egiteko moduaren bere zigilua galdu gabe.
Ukaezina da Malickek edertasuna islatzeko duen gaitasuna, eta plano bakoitzak estetikoki duen indarrak guztiz harrapatuko du ikuslea hasieran: lehen minutuetan Franz Jagerstatter bera, bere familia, hauen bizimodua eta balioen lagina aurkeztuko dizkigu Austriako zelaietan filmatutako plano ikaragarri batzuen bitartez. Hori bai, hain da azkarra plano-segida, zineman aldamenean nuen ikusle batek ozenki egindako garrasiarekin bat egiten dudala: “Film osoa horrela bada…Zorabiatu egingo naiz!”
Hala ere, filmaren muntaia osoa -hiru ordu- pareko plano motz-motzez osatuta egon arren, azkenean ez zen bertako inor zorabiatu, bai lokartu ordea. Ulertezina baderitzot ere, Malickek baliabide berdinak erabiltzen ditu behin eta berriro, filmaren ezaugarri nagusiak arau bilakatuz: Argazkia, elkarrizketak eta jatorrizko soinu banda erabat errepikakorrak suertatuko dira eta, tamalez, istorioa bera estali eta eklipsatuko dute.
Bitxikieri gisa, pertsonaia guztiek ingelesez hitz egingo dute, baina alemanek alemanieraz egingo dute garraxi. Aktoreen lana paregabea bada ere, hizkuntzari dagokion erabaki ezohiko honek guztiz atera ninduen pelikulatik.
Bere filmografian ohikoa den bezala, pertsonaiek gerra, fedea, familia, natura eta gizarteari buruzko gogoetak egingo dituzte off ahotsean. Eta oraingo honetan, Franz Jagerstatter kontzientzia-eragozle bilakatu eta kartzelan sartzen dutenetik, off ahotsean entzungo ditugu bai emazteari idazten dizkion hitzak bai jainkoari helarazi nahi dizkion eskariak; “Nahiago bidegabekeria sufritu hura exekutatu baino. Hau ulertzea eta familia niregatik zaintzea espero dut”.
A hidden life (2019) maisulan bat izan zitekeen, gerratik kanpo borrokatu zutenei buruzko filma, argazki ezinhobe baten bidez kontatutako istorio belikoa eta guztiok ikusi beharko genukeen filma. Ezin hori esan, tamalez…Hiru ordu luzez irentsitako film errepikakorra bihurtu baita.