Antso Jakitunaren hiribideko lanen lehen fasea amaitzear da
Amara Berri auzo elkarteko kideek bisita bat egin dute auzotik udaleko hainbat ordezkarirekin, auzotarrek dituzten beharrak gertutik ezagutzeko. Antso Jakitunaren hiribideko lanen jarraipena ere egiten ari dira.
Antso Jakitunaren hiribideko berrurbanizazio lanak «martxa onean» doazela jakinarazi du Donostiako Udalak, eta amaiera urtarrilaren 14rako aurreikusita zegoen arren, otsailaren amaieran bukatuko dituztela azaldu dute. Joan den irailean hasi zituzten lanak, eta obrak hiru fase izango ditu. Arabako parketik hurbilen dagoen etxe-uhartean hasi dute lehena, eta hori amaitutakoan hasiko dituzte bigarren etxe-uharteko lanak.
Otsaila hasieran, Eneko Goia alkateak proiektuan «aldaketa txiki bat egingo zutela» iragarri zuen: ez dituzte garajeetako aire irteeretako tximiniak lekualdatuko, hain zuzen, kalearen albo batean jarri behar zituzten jardinerak eta bankuak erdian jarriko dituzte, horrela tximinia horiek disimulatuz. Amara Berri auzo elkartea lanen jarraipena egiten ari da, eta pozik daude proiektuak daraman martxarekin. «Lehen etxe-uhartearen lanak amaitu gabe dauden arren, aldaketa nabaritzen hasi da», adierazi dute.
Antso Jakitunaren hiribideko lanei buruz, eta Amara Berriko auzotarrek aldarrikatzen dituzten beste hainbat aldaketari buruz hitz egiteko, udaleko hainbat arduradun teknikoren eta Maria Jesus Idoeta Auzoetako zinegotziaren bisita izan zuten auzo elkartekoek hilabete hasieran. Iñaki Olasagasti, auzo elkarteko kidea, asebeteta agertu da bilerarekin, eta azaldu du zehaztasunez jakinarazi zizkietela auzotarren beharrak. «Udaletxean bilerak egin izan ditugu, baina guretzat garrantzitsua da beraiek arazoak lekuan bertan ikustea, errealitatea hobeto ezagutzeko», kontatu du Olasagastik. Amara Berrikoak baieztatu du ez dutela guardia jaitsiko, baina onartu du udala «gauzak mugitzen ari dela».
Ikasketa plaza berria
Gero eta gertuago dago Amara Berriko bizilagunek aldarrikatutako beste birmoldaketa bat: Ikasketa plazarena. Proiektua idatzita dago, eta Tokiko Gobernu Batzordeak onartzea «egunen edo asteen kontua» dela baieztatu du udalak; ondoren, lehiaketara aterako dute. Hain zuzen, plazako garajeetako jabeen eta udalaren arteko hitzarmen batek eragin du atzerapena, baina udalak adierazitakoaren arabera, tramitazio prozesuan dago kontratua.
Olasagastirentzat, Amara Berriko «gai potoloetako bat» da Ikasketa plazaren birmoldaketa, eta albiste ontzat jo du proiektuaren egoera. «Beti izan da plaza ilun bat, eta inguruko bizilagunentzat aldaketa nabarmena izango da».