Argi berdea Isabel II.aren etorbidea berrurbanizatzeko obrari
Tokiko Gobernu Batzordeak Amara Berriko Irungo plaza eta Isabel II.aren etorbidea berrurbanizatzeko obra-kontratua Urbycolan enpresari esleitzea onartu du, 890.530 euroko aurrekontuarekin. Udalak azaldu duenez, lanak 32 asteko epean egingo dira, eta “hiri-paisaia berritzea eta ingurua indartzea” izango dute helburu.
Berrurbanizazioarekin, oinezkoentzako guneak handitu egingo dira, eta zirkulazio bideak eta aparkamenduak berrantolatu egingo dituzte. Aldaketarekin, etorbideak dituen lau erreiak bi izatera pasako dira, orain arteko noranzkoak mantenduz, eta zenbaki bikoitien espaloia 6,37 metrokoa izatetik 13,55 metrokoa izatera pasako da. Bakoitiena, bestetik, handituko da ere, baina neurri txikiago batean, errepideko aparkamendu lerro bakarra mantenduz.
Errondo Pasealekua eta Hipodromoa
Amara Berriko proiektuaz gain, Tokiko Gobernu Batzordeak beste bi esleipen onartu ditu gaur. Lehena, Errondo pasealekua egonkortzeko proiektuari dagokio. Egonkortzearen beharrak 2018ko apirilean gertatutako luiziari erantzuten dio, eta burutuko diren lanen artean, sarbideen prestatzea, saneamendu lanak, erliebearen estaltzea eta drainatzeak daude. Obra Construcciones Zubieder S.L. enpresari egokitu diote, 220.279 euroko aurrekontuarekin, eta bi hilabeteko epean gauzatu beharko da.
Onarturiko bigarrena esleipena, berriz, Donostiako Hipodromoaren kudeaketari dagokio. Bere erabilera pribaturako emakida administratiboa Hipódromos y Apuestas Hípacas de Euskadi SAU enpresari eman dio udalak, 2020ko urriaren 31ra arte. Etorkizunean, emakida hori bi aldiz luzatu ahal izango dute, aldiro beste urtebeterako, betiere bi alderdiak horrekin ados badaude. Emakidadunak urtean 34.000 euroko kanona ordaindu beharko du. Esleipen honekin, Donostiako Udalak 2020ko udarako lasterketa-denboraldia egingo dela ziurtatu du.