ATX konpainiaren '7ak bat. Gaiztoetan gaiztoenak' lanak irabazi du Donostia antzerki saria
ATX konpainiako kideak, Jon Insausti zinegotzia, eta Donostia Kulturako Norka Chiapusso. (Argazkia: Donostiako Udala) ATX konpainiak irabazi du XX. Donostia Antzerki Saria. Donostian 2019an helduentzako antzerki konpainia profesional batek euskaraz eskainitako antzezlanik onena dela erabaki du lehiaketaren epaimahaiak, eta horregatik, konpainiak 12.000 euro eta Amable Ariasen artelana jasoko ditu.
Sari-banaketa martxoaren 27an izango da, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, 19:30ean, Viktoria Eugenia Antzokian. Ekitaldiaren hasieran saria emango diete konpainiakoei, eta ondoren, obra irabazlea antzeztuko dute: 7ak bat. Gaiztoetan gaiztoenak.
Zazpi bekatu kapitaletan eta “orokorrean” bekatuaren ideian oinarrituta dago antzezlana, eta azaldu dutenez, gizakiaren gaiztakeriaz hitz egiten duen satira “ausart, fresko, eta dibertigarria” da. Epaimahaiak baieztatu du antzezlana sorreratik berezia dela, antzezleak beraiek elkarlanean sortutakoa delako. Epaimahaiaren esanetan, sortzeko erak berak eragina izan du, eta igarri egiten da antzezlanean, sinesgarritasuna eta indarra ematen diolako. Era berean, antzerki lengoaia ere “bikaina” dela onartu du epaimahaiak.
Antzezlana ikusteko gonbidapenak emanaldia baino egun batzuk lehenago egongo dira eskuragarri Viktoria Eugenia Antzokiko leihatiletan, honako ordutegian: 11:30etik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara. Donostian martxorako iragarria dutenaz gain, 7ak bat antzezlanaren beste hainbat emanaldi programatuak ditu konpainiak.

