Gipuzkoan tasa turistikoa ezartzeko erakunde arteko mahai bat sortu dute
Erakundeetako ordezkariak, tasa turistikoa ezartzeko sortutako erakundeen arteko mahaian. (Argazkia: Donostiako Udala) Gipuzkoan tasa turistikoaren ezarpena aztertzeko, erakunde arteko mahai bat osatu dute Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak. Bi erakundeotako ordezkari politiko eta teknikoek lehen bilera egin zuten atzo: Imanol Lasak, Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak; Jabier Larrañagak, Ogasuneko eta Finantzetako diputatuak; Eneko Goiak, Donostiako alkateak; Marisol Garmendiak, zinegotzi delegatuak; eta Donostiako Udaleko arduradun teknikoek.
Bileran, tasa turistikoa ezartzeko abiapuntua ezarri zuten, eta jakinarazi zuten, mahaiaren lehen eginbeharretako bat izango da “indarrean dagoen legediaren eta arlo honekin lotura duten foru arauen azterketa zorrotza” egitea. Tasa ezartzeko pausoak “gutxika” emango dituztela azaldu zuten bileraren ostean, eta horretarako, erakunde bakoitzak dituen txosten teknikoen partekatzea egin zuten, “jarrerak gerturatzeko asmoz”. Mahaiak tasaren ezarpena ahalbidetuko duen marko berri baten oinarriak jarriko dituen txosten bateratu bat osatu nahi du. Bestalde, nazioartera begira jarri eta, turismoari lotutako fiskalitatearen praktika onen ereduak bilatuko dituzte.
Imanol Lasa diputatuaren ustez, tasa turistikoa ezartzearen alde dago “gehiengo sozial eta politiko bat”, eta gogorarazi zuen lurraldeko Batzar Nagusien babesa “aho batekoa” dela. Halaber, diputatuaren arabera, tasa horrek ekarriko duen diru sarrera berri hori “beharrezkoa” da. Eneko Goiak adierazi zuen tasaren ezarpena “Donostiak luzaroan bilatutako helburua” dela, “fenomeno turistikoa jarduera jasangarri bihurtzeko egiten ari den apustuaren barruan”.
Lakuako Gobernuak EAE osorako tasa turistiko bat ezartzea erabaki zuen 2019ko abenduan, baina Foru Aldundien esku utzi zuen tasaren aplikazioa. Oraingoz, soilik Gipuzkoan hasi dira tasaren etorkizuneko ezarpena kudeatzen.

