XV. mendeko Erbetegi etxea, AHT-aren mehatxupean
Hiriko etxe zaharrenetariko bat dena eraiste arriskuan dagoela salatu du Ancora elkarteak. Eraikina desjabetu egin du Adifek, AHT-aren trenbide berria leku horretan eraikitzeko, baina bertako biztanleak desados agertu dira prozedura horrekin.
Martuteneko Okendotegi kaleko Erbetegi etxe-dorrea eraiste arriskuan dagoela salatu du Ancora elkarteak. Izan ere, AHT-aren trenbidearen eraikuntzaren harira, Adifek XV. mendeko etxea bereganatu du desjabetza baten bidez, trenbide berria bere fatxadetako batetik gertu pasako delako. Arriskuaren aurrean, Ancorak laguntza eskatu die Donostiako Udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari, eraisketa gelditu eta eraikina aztertu eta zaindu dezatela exijituz.
Orain arte etxearen jabeak izan direnak, euren partetik, desados agertu dira desjabetzarekin, konpentsazio moduan egin dizkieten proposamenak nahikoak ez direla azpimarratuz. Batetik, beste etxebizitza baterako alokairu sozial bat eskaini diete, baina bizilagunek ez dute hori onartu nahi, beraiek propietate baten jabe zirelako, eta ez maizterrak. Bestetik, etxebizitzengatik diru kopuru jakin bat eskaini dietela azaldu dute, baina horri ere uko egin diote, Erbetegiren prezioa eskaini dietena baino askoz altuagoa dela argudiatuz.
500 urte baino gehiago
Etxe-dorrea hiriko eraikin zibil zaharrenetariko bat da, eta Beheko Erbetegi eta Erbetegi Zaharra izenekin ere izan da ezaguna. Izena bere jabe ohietako batetik datorkio: Miguel Perez Erbetagatik, alegia, XVI. mende hasieran Donostiako alkate izandakoa. Hain zuzen, haren izen-abizenak eraikinaren sarrerako arkuan idatzita ageri dira, letra gotikoekin.
Bere antzinatasuna dela eta, eraikinean beharrezkoak diren kontrol arkeologikoak egin ditzatela eskatu die Ancorak erakundeei, eta baita ondare horren ezagutza eta dokumentazio lanak gauzatu ditzatela ere. Era berean, bere kontserbazioa bermatzeko baliabide ekonomikoak jarri ditzatela ere eskatu du elkarteak, etxearen esktruktura sendotzeko helburuarekin.
500 urte baino gehiago izan arren, eraikina oraindik ondo kontserbatzen da, eta bertan hainbat pertsona bizi dira, hainbat etxebizitzetan banaturik. Gainera, duela urte gutxi, jabeek etxea hobetzeko erreformak egin zituztela jakinarazi du Ancorak.
Erreferente historiko baten galera
Ondarearen babeserako elkartearen ustez, Erbetegiren eraisketak berriro ere agerian utzilo luke Donostiako baserriek jasaten duten babes eza, eta ibaiaren inguruan galdutako gainerako erreferente historikoei batuko litzaiekeela adierazi du.
Gaiarengatik galdetuta, Eneko Goiak adierazi du kasua aztertu egingo dutela, baina nabarmendu du eraikin horren berri orain izatea “deigarria” iruditzen zaiola, “aurretik Hirigintzako eta eraikitako ondarea babesteko Plan Bereziaren berrikusketan aipatua izan ez delako”.
Bizilagunei ezarritako desjabetzaren baldintzei dagokienez, berriz, alkateak esan du udalaren eginkizuna legearengatik “mugatuta” dagoela, eta hari soilik bitartekaritza lana egitea dagokiola zehaztu du. Zentzu horretan, desjabetza Adifek egin duenez, “udala horren parte ez dela” adierazi du Goiak. Hala ere, kaleratze arrisku bat egonez gero, udala “laguntza eskaintzeko prest” agertuko dela iragarri du.