Aste honetan abiaraziko dute haurren artean euskararen erabilera sustatzeko Parketarrak egitasmoa
Azken urteetan egin duten moduan, Parketarrak egitasmoa abian jarriko dute aurten ere Donostiako hainbat auzotan, eta, aurten, berritasun gisa, Ibaetan ere jarduerak egingo dituzte. Egitasmoaren helburua haurrek kalean ere euskara erabiltzea da, euren jolasetan. Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta auzoetako euskara batzordeek antolatzen dute urtero egitasmoa, eta hamabost auzotan egingo dute aurten, auzo bakoitzeko plaza eta parke nagusietan: Altzan, Morlansen, Añorgan, Loiolako Erriberan, Egian, Martutenen, Parte Zaharrean, Antiguan, Amaran, Amara Berrin, Loiolan, Ibaetan, Aieten, Bidebietan eta Grosen, hain justu.
Hiru txandatan egingo dute egitasmoa: neguan, udaberrian eta udazkenean. Negukoa, ostegunean, hilaren 27an, hasiko da, eta martxoaren 18ra arte iraungo du. Amaran, Amara Berrin eta Loiolan egingo dituzte lehenengo jarduerak, 17:00etatik aurrera. Urtxintxa eskolak gauzatuko du proiektua auzoetako plazetan, eta bi programetan banatuko dute: 3 eta 5 urte arteko haurrentzako Zabu-zibu programa, eta 6 eta 9 urte artekoentzako Txirrintxon programa.