Etengabe hazten ari da
Martxoaren 1ean egingo dute 31. Lilatoia, ‘Norantza bakarra du bideak’ lelopean, eta dortsalen salmentaren errekor guztiak hautsi dituzte aurten: 6.565 emakumek baino gehiagok egingo dute lasterketa.

Edurne Martinez de Trebiño, Lilatoiko antolatzailea eta Donostiako Atletikoko kidea. (Argazkia: Irati Salsamendi)
Inoiz baino sendoago dago Lilatoia, lasterketaren antolatzaileen ustez, eta horren erakusle da aurten lortutako errekorra. Eskainitako dortsal guztiak uste baino «askoz lehenago» bukatu zirela azaldu du Edurne Martinez de Trebiñok, Lilatoiko antolatzaile eta Donostiako Atletikoko komunikazio arduradunak. 6.565 emakume korrikalari baino gehiagok hartuko dute parte aurten, aurreko urtean baino %4,75 gehiagok, eta inskripzioak otsailaren 9an agortu zirela kontatu du, «aurreikusitako data baino hamaika egun lehenago».
«Jende pila bat gelditu da kanpoan, baina daukagun ibilbidearekin ezinezkoa da korrikalari gehiagori dortsala ematea», gaineratu du. Azken urteetako etengabeko hazkundearen aurrean, eta datorren urteei begira, hausnarketa egiteko beharra aitortu du Martinez de Trebiñok: «Pentsatu behar dugu orain arte bezala jarraitzea komeni den, edo Lilatoia birpentsatu behar dugun».
Donostiako Atletikokoaren ustez hainbat arrazoirengatik doa gorantz lasterketaren arrakasta: «Alde batetik, antolakuntzatik gauzak txukun egiten ari gara, eta, bestetik, lasterketaren esentzia ez da galdu. Hain zuzen, berdintasunaren aldeko mezua gero eta argiago transmititzen dela uste dut».
Batera ahalduntzeko eguna
Lasterketa ez ezik, jarduera ugari antolatu dituzte Lilatoia girotzeko. 9:40ean, beroketekin hasiko dira Bulebarreko kioskoan, Lorena Garayoa Telletxearen koreografiekin, eta Zumba erritmora. 10:05ean, irteeran, Ibarrako sokatira taldeko hamalau neskak erakustaldia egingo dute lehen aldiz, eta Martinez de Trebiñok azaldu du omenaldia egingo dietela. 10:25ean Ana Asensio eta Ruth Alvarezek bost kilometro egingo dituzte handbike-an, eta bost minutu beranduago, 10:30ean, 31. Lilatoia hasiko da.
Aurten ere, Irutxuloko Hitzak, Oarso Bidasoko Hitzak, Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitzak, Goierriko Hitzak eta Urola Kostako Hitzak Lilatoiko Hitza taldea osatu dute. Guztira, 103 emakumek eman dute izena, eta denek kamiseta berdina jantziko dute igandean.

