Azorak iraungitako bi kontratu berritzeko asmoa jakinarazi du
Bizilagunek gaur izan dute bilera Eneko Goiarekin. Alkateak kontratuen egonkortasuna bermatzeko aldarrikapenekin bat egiten duela adierazi die.
Aste honetan bertan Eneko Goia alkatearen deia jaso zuten Azora inbertsio funtsak kaltetutako bizilagunek, ostiralean batzartzeko Kaleratzeak Stop plataformarekin batera. Gaur goizeko hamarretan izandako bileran bizilagunek Goiari jakinarazi diotenez, Azorak abisua bidali die kontratua urtarrilaren 31ean iraungita zuten bi maizterri, inbertsio funtsak kontratu horiek berritzeko asmoa duela jakinarazteko. Berritzearen baldintzak baloratzeko agerraldi publikoa egingo dute hurrengo ostegunean, martxoaren 5ean, baldin eta ordurako edukiaren berri izan badute.
Alkateak kontratuen egonkortasuna defendatuko duela hitz eman du bileran, eta alokairuen igoera KPIari lotuta egotea bermatzeko konpromezua erakutsi du. Bizilagunek datozen hilabeteotan iraungiko diren beste 20 kontratu erakutsi dizkiote alkateari, eta gogorarazi diote Azorako maizterrek eta baita Benta Berrikoek ere alokairua ordaintzen jarraitu dutela orain arte, ezarritako bataz besteko prezioen indizearen barruan beti ere.
Kaleratzeak Stop plataformak aldarrikatu du udalaren “betebehar morala” dela indize horien gaineko alokairuen inposizioa ekiditea, hiriko alokairuen prezioak arautuz eta Espainiako gobernu zentralak legalki ahalbidetzen duen heinean. Azaldu dutenez, “konseilaritzak berak aitortu du alokairu garestiena duen hiria dela Donostia Euskadin, non EAEko etxebizitza turistikoaren erdia baino gehiago dagoen eta inon baino hotel gehiago eraiki diren azken urteotan (…). Gainera, 4.000 etxebizitza hutsik daude eta ez dute inongo penalizaziorik jaso Etxebizitzari buruzko EAEko legearen kanona onartu zenetik”.