Metroaren lanek kaltetutako establezimenduentzako diru-laguntzak eskainiko ditu udalak
Metroaren lanak direla eta, Donostiako Erdialdeko hainbat establezimenduk kalteak jasango dituzte, Easo kalean, Mirakontxa pasealekuan eta San Martin kaleak mozketak egingo dituzte hamar hilabetez, eta San Martin kalea guztiz itxiko dute uztailetik urrira. Horregatik, udaleko Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoak diru-laguntza batzuk ezarri ditu, galera ekonomikoak konpentsatzen laguntzeko.
30.000 euro jarri ditu udalak aipatu diru-laguntzak emateko, eta honako kontzeptuak lagunduko dituzte diruz: jarduera ekonomikoa egiten duen lokalari dagoekion 2020ko Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren (OHZ) kuota likidoa, eta udalak 2020an egindako uraren eta zaborren ordainagirien zati finkoa. Negozioaren titularrarentzat izango dira diru-laguntzak, lokalaren jabea edo maizterra den kontuan hartu gabe, eta establezimendu bakoitzak, asko jota, aipatu kontzeptuengatik 500 euro jaso ahal izango ditu.
Easo kaleko (1-15 eta 2-8 atariak), Arrasate kaleko (41-52 atariak), Zubieta kaleko (1, 1E eta 2 atariak), Zaragoza plazako (1 ataria), Urbieta kaleko (13 eta 15 atariak), San Martin kaleko (20-32 eta 19-21 atariak), Loiola kaleko (10-14 eta 17-23 atariak), Hondarribia kaleko (24 eta 26 atariak) eta Artzain Onaren plazako (2-10 eta 1-7 atariak) establezimenduetako titularrek eskatu ahal izango dituzte diru-laguntzak, Donostiako Sustapenaren webgunean.