Erviti musika denda Askatasunaren hiribidera mugituko dute
Erviti musika-dendak Donostian jarraituko du, Askatasunaren hiribideko 4. zenbakian. Maiatza eta ekaina bitartean irekiko dituzte egoitza berriaren ateak. Pasa den udan lokala uzteko agindua jaso zuten.
1875an ireki zuten Jose de Erviti y Segarra iruindarrak Erviti musika-denda , eta 100 urtetik gora egon da gaur egungo egoitza den Artzain Onaren parean dagoen lokalean, San Martin eta Loiola kaleen arteko kantoian hain zuzen. Ervitiren alaba Inesek eta Jose Manuel Garate Erviti bilobak negozioarekin jarraitu zuten, eta gaur egun Garateren bi semeek daramate dendaren kudeaketa, haien bilobekin batera.
Alokairuan izan dute Artzain Oneko lokala. 2019ko udan Garate Ervitiren emaztea zendu zen, eta Jose Manuel bera hilda zegoenez, jabeek garai batean sinatutako kontratuaren betebeharrak bertan behera gelditzen zirela jakinarazi zieten, haiek izan zirelako indarrean zegoen kontratua sinatu zutenak. Jakinda alokairu zaharraren baldintzak aldatu zirela eta prezioa igo egin zela, Luis Mari Garate semea eta negozioaren arduradunetako bat, errenta eguneratzen eta negoziatzen saitu zen, baina ezezkoa eman zioten.
Garatek argi zuen erreferentea den musika dendak Donostian geratu behar zuela, baina lokal berri baten bilaketa ez da erraza izan, Donostiako egoera kontuan hartuta.