Goia, Kijera gaztetxeari buruz: "Giltzak bueltatu zizkiguten, eraikinari uko eginez"
Parte Zaharreko auzo-mahaiak larunbateko prentsaurrekoan aurkeztutako bertsioa gezurtatu du alkateak, auzotarrek Kaialde eraikinari uko egin ziotela eta udalari giltza bueltatu ziotela argudiatuz.
Parte Zaharreko hamabost eragilek joan den larunbatean Kijera gaztetxearen inguruan azaldutako egoera erabat ezeztatu du gaur Eneko Goiak. Izan ere, alkatearen arabera, auzoko mahaiko kideek Kanpandegi kaleko eraikinari “uko egin zioten” abenduan, udalarengana laguntza eske jo eta giltza eman ziotenean.
Eragileek prentsaurreko hartan azaldu zutenez, Parte Zaharreko auzo-mahaiak laguntza eskatu zion udalari eraikinean sortutako arazo bati irtenbide bat topatu ahal izateko, eta, horretarako, gaztetxeko giltza utzi zioten. Horra arte, bi alderdiak ados daude.
Auzotarren arabera, ordea, udalak arazoa konpondu bezain pronto giltza bueltatzeko konpromisoa hartu zuen, eta Goiak, bere partetik, hori gezurra dela esan du: “Giltzak eman egin zitzaizkigun arazo bat sortu zelako eta uko egin ziotelako eraikinari. Hori da errealitatea”.
Auzoko mahaiak azaldu zuenez, udalak urtarrilean eginiko bilera batean esan zien giltza bueltatuko ez ziela, Kaialde eraikinak egitura arazo larriak dituela argudiatuz, eta hori frogatzen txosten tekniko bat aipatu omen zien.
Txosten hori inoiz ikusi ez dutela azpimarratu zuten, ordea, auzotarrek: “Esan ziguten arazo tekniko horiek zehaztasunez azalduko zizkigutela otsailean egingo genuen beste bilera batean, eta aipatutako txostena hor erakutsiko zigutela […]. Alkatetzak ez gaitu, baina, agindutako bilerara deitu. Hitza jan dute, berriz ere. Agindutakoaren kontra giltzak itzuli ez zizkigutenean bezalaxe”.
Goiak, bere partetik, eraikinaren arazoak biltzen dituzten txostenen existentzia baieztatu du, baina otsailean bilera bat egiteko prest agertu izana ukatu du. Are gehiago, auzo-mahaiak eta udalak iaz lantzen hasi ziren zesio-akordioaren proiektua bertan behera geratu dela zehaztu du alkateak: “Hori etenda dago”.