Azorak ez ditu ustez luzatuko zituen etxebizitza kontratuak oraindik berritu
Azora putre funtsak bere hitza bete gabe jarraitzen duela salatu du gaur Kaleratzeak Stop plataformak. Izan ere, inbertsio funtsak Donostian erosi dituen etxebizitzetako biren kontratuak luzatu egingo zituela iragarri zuen otsaila amaieran, baina horietan bizi diren maizterrek ez dituzte oraindik kontratu berrien baldintzak ezagutu.
Azaldutakoaren arabera, Azorak gaur eman behar zien baldintza horien berri, bizilagunekin egini behar zuen bilera batean, baina enpresak zita datorren astera arte atzeratu du. Adierazi dutenez, funtsa “aitzakiak” erabiltzen ari da, eta kontratuen baldintzak mantenduko dituela esan duen arren, bizilagunak prezioen igoera handi baten beldur dira. Hain zuzen, Azorak Madril eta Bartzelonako hainbat etxebizitzen alokairu prezioetan %100ekoak izatera heldu diren igoerak egin dituela gogoratu dute.
Hori eta Donostian gertatzen ari dena kontuan hartuta, Kaleratzeak Stop plataformak iragarri du, apirileko hauteskundeei begira, alderdi politiko, sindikatu eta eragile sozialei hainbat proposamen egingo dizkiela, EAEko etxebizitza politikei “beharrezko aldaketa” emateko helburuarekin.
Besteak beste, hurrengo eskaera nagusiak egin ditu plataformak: “2003 urtea baino lehen Eusko Jaurlaritzaren eta eraikitzaileen arteko hitzarmenen bidez eraikitako alokairuko babes ofizialeko etxebizitzak (Benta Berri, adibidez) merkatu librean saldu ezin izatea bermatzeko neurri eraginkorrak. Inor ez dadila etxetik kanporatua izan errentak ordaindu ezin izateagatik; errenta horiek, komunitate-gastuak eta oinarrizko hornidurak barne, diru-sarreren %30a ez gainditzea eta etorkizunean berriz ere ez dadila erabili lankidetza publiko-pribatuaren formula hori eta are gutxiago dirulaguntzekin eta lurzoru publikoarekin”.