Donostiako establezimenduetako errotulazioa euskaratzeko diru laguntzak emango ditu udalak
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak 20.000 euro bideratuko ditu hiriko establezimenduetako barruko eta kanpoko errotulazioa euskaratzeko. Merkataritza, ostalaritza eta beste zerbitzu batzuk eskaintzen dituzten establezimenduei dago zuzenduta diru laguntza hori, kanpoko errotulazioa, barruko euskarri finkoak, barruko seinaleak, eskaintzen diren produktu, prezio eta zerbitzuen euskarri fisikoak, establezimenduaren erabilerarako euskarriak eta ahozapien moduko euskarriak euskaratzeko. Diru laguntza horiek udalaren webgunean, Euskara Zerbitzuaren bulegoetan (Konstituzio plaza, 2 behea) eta merkatari.eus webgunean eskatu daitezke.
Era berean, udalak Merkataritzan eta ostalaritzan ere euskaraz egitasmoa abiarazi du, hiriko establezimenduetako bezeroen hizkuntza eskubideak bermatzeko helburuarekin. Horretarako, egitasmoan parte hartzen duten establezimenduetako langileek lehenengo hitza euskaraz egingo diete bezeroei, eta langileen erdia baino gehiago euskalduna izango da. Horregatik, euskara ikastaro laburrak eskaintzen ditu Euskara Zerbitzuak sektore horietako langileentzat, baita doako itzulpen eta zuzenketa zerbitzua ere.