Film pertsonala eta soziala; errealitatea eta fikzioa
DFeria (Donostiako arte eszenikoen jaialdia) hastear dagoela, fikzio teatrala eta errealitatea nahasten dituen emanaldi berezi bat ikusteko aukera izango dugu larunbat honetan, martxoaren 7an, Tabakaleran: Josefina Molinaren Funcion de noche (1981) filma. Has gaitezen, bada, giroa berotzen antzezlan eta performance anitzez beteriko aste baterako!
Josefina Molina, Cecilia Bartolome eta Pilar Mirorekin batera, Madrilgo Zinema Eskola Ofizialean Zuzendaritzan diplomatu zen lehen emakumea izan zen, eta Donostiako 67. Zinemaldiaren (2019) Zinematografia Sari Nazionala jaso zuen bere ibilbide osoari aitortza gisa. Bere filmek garai hartako egoera islatzen zuten, baita eginbeharreko aldaketak mahai-gaineratu ere. Betiere gizartea kontzientziatzeko asmoarekin.
Horren adibide da Funcion de noche: Lola Herrera izen oneko aktoreak Miguel Delibesen Cinco horas con Mario antzerki-egokitzapenarekin lortuko du bere ibilbideko arrakasta handiena. Baina, Carmen Sotilloren pertsonaia antzezten dagoela, nortasun krisi bati aurre egin beharko dio, bizitzaren eta antzezten duen pertsonaiaren arteko paralelismoekin jabetu ostean. Carmen Sotillo ez da soilik Lola Herreraren irudi izango, ikusezintasuna ezarri zaion belaunaldi bateko emakumeen ordezkaria baizik.
Arratsaldeko eta gaueko funtzioaren arteko atsedenaldian, Daniel Dicenta aktorea azalduko da kamerinoan. Hamabost urte daramatzate bananduta, eta bada garaia beraien ezkontza-porrotaren arrazoiak aztertu eta, inoiz esan gabekoak elkarri aitortzeko. Horrela, ezohiko topaketa hori elkarrizketa luze batean bilakatuko da. Senar-emazteen harremanen, seme-alaben arduraren, sexu-harremanak bikotean eta genero arteko desberdintasun bidegabeen inguruko elkarrizketa mingarri batean, hain zuzen. Hainbestekoak dira elkarrizketa horren indarra eta naturaltasuna, ikusleak ez duela jakingo dokumentu biografiko baten edo fikzio baten aurrean dagoen.
Hauxe baita filmaren gakoa, baliabide zinematografiko treberik gabe – gertutasunetik filmatutako kamerinoko elkarrizketa, off-eko ahotsa noizbehinka, antzezlaneko irudiak eta Lolaren bizimoduko hainbat sekuentzia- filmak 80. hamarkadako emakumeen egoeraren adierazgarri gisa duen indarra. Lola Herreraren hitz ausartek bideratuko dute uneoro film aldarrikatzaile hau, non senarrari urteetan gutxietsi izana eta bere buruari lehenago bere bizitzaz arduratu ez izana leporatuko dion.
Funcion de noche (1981) film onenaren saria irabazteko hautagai izan zen Chicagoko zinemaldian eta Lola Herreras ere aktore gisa Fotogramas de Plata sarietan. Eta «garai bateko» filma izan arren, belaunaldiz belaunaldi ikusi beharreko dokumentu pertsonala eta soziala da: errealitatea eta fikzioa, antzerkia eta zinema.