80 urte euskaraz abesten
Ospakizun urtea da aurtengoa Easo koruarentzat. 1940. urtean sortu zen gizonen abesbatza ospetsua, duela 80 urte, alegia. Gainera, Kapera Gregorianistak 25 urte beteko ditu. Horregatik, urte bukaerarako ospakizunen bat prestatuko dute, eta ordura arteko egitaraua bete-beteta dute.
Easoko gizonen korua 36ko Gerraren ondoren sortu zen. Aurretik, ordea, gerora koruan abestuko zuten asko beste abesbatza batzuetan aritu ziren, gehienak Donostiako Orfeoian eta Zaraustarkoff-eko Kosakoak izeneko koruan. Abertzaleak zirenek Donostiatik alde egin behar izan zuten: batzuek frontera, eta beste batzuek atzerrira.
1939. urtean, gerra amaitzerakoan, bueltatu zirenek ez zuten aurkitzen gustuko korurik, eta Agote tabernan biltzen hasi ziren, abesteko. Haien helburua euskal musika zabaltzea izan zen bereziki, baina frankismo garaia zenez, ezkutatzen ibili behar izaten zuten: Coro Easo de Educación y Descanso izena zuten ofizialki, eta programa gaztelaniaz bidaltzen zuten, nahiz eta euskaraz abestu.
Santos Sarasola Easo abesbatzako presidenteordeak hasierako urteetako abesbatza «potentzia handikoa» zela dio. Ahots indartsuak zituen, eta giro handia jartzen zuten abesten zuten bakoitzean. Hala kontatzen du Easo abesbatzaren artxiboan aurkitutako kronika batek: «Hainbat anekdota ahalko genituzke gogora ekarri, kontzertuen berotasunean sortuak, horietan zegoen giroa deskribatzeko! Adibide gisa, negu betean, arrantzaleek, abestien oihartzuna entzunda, Agote tabernan geldialdia egiten zuteneko estanpa indartsua […]».
Europako lehiaketa ugaritan parte hartu zuten haien hastapenetan: Llangollenen (Gales), Lillen (Frantzia), Arezzon (Italia), etab. Hasierako arrakasta horiek beste hainbat emanaldi garrantzitsu ekarri zituen mundu osoan zehar.
Aurten 80 urte beteko dituzte, eta iraila eta urria bitartean zerbait berezia prestatzeko asmoa dute. Sarasolak dioenez, oraindik ez dute prestatzeko aukera handirik izan, aurtengo egitaraua bete-betea dutelako. Ez da harritzekoa, ikusita aurreko urteko laburpen aldizkariak 70 orrialde inguru dituela.
Kapera Gregonianistak 25 urte
Gizonezkoen korua ez da urteurren garrantzitsu bat ospatuko duen bakarra. Easo Kapera Gregorianistek 25 urte beteko dituzte aurten. Sarasola orduan hasi zen abesbatzarekin lehen harremanak izaten.
Astigarragako udaletxearen enkarguz, disko bat grabatu zuten, Norberto Almandoz konpositorearen piezekin. Konposizioen artean Te Deum bat zegoen, eskerrak emateko eliz kantu bat, hain zuzen. Zati batzuk polifoniaz idatzita zeuden, baina beste batzuek kantu gregorianoa behar zuten. Horregatik jo zuten Sarasolarengana, bera mundu horretan sartuta zegoelako. Ordutik, jarraitzea erabaki zuten askok, eta geroztik, leku askotan abesteko aukera izan dute.