"Irutxuloko Hitzak hiria euskaraz eta euskaratik bizitzeko aukera ematen du"
Aitziber Iartza (Donostia, 1971) 'Irutxulo' astekarian kazetari lanetan 2001ean hasi zenetik, astekariko zuzendari eta 'Gaztetxulo' aldizkariko arduradun ere izan da. Bera da 'Irutxuloko Hitza'-ko lehen zuzendaria, eta 2008an utzi zuen hedabidea. Gaur egun, Donostia Kulturako komunikazio digitalean dabil.
Ulertu daiteke Irutxuloko Hitza Irutxulo astekaria kontuan hartu gabe?
Ez. Nik uste dut Irutxuloko Hitza ulertzeko Irutxulo kontuan hartu behar dela, haren ibilbidea oso garrantzitsua izan baitzen Irutxuloko Hitza-ren sorreran. Bistan da Irutxulo izan zela ernamuina ibilbidea eta lantaldea kontuan hartuta. Egia da lantaldea pixka bat zabaldu zela Irutxuloko Hitza-rekin baina oinarrian Irutxulo-ko lantaldeak sortutako proiektua izan zen.
Zergatik, zein helbururekin sortu zen Irutxulo?
Ez nintzen sorreran egon, baina gogoeta bat bazegoen. Donostia da Euskal Herriko hiri euskaldunena eta nabaritzen zen hedabideen partetik bazela hutsune bat, eta hori bideratzeko ikusi zen garrantzitsua zela euskarazko idatzizko hedabide bat sortzea, eta bertakoa, tokian tokikoa. Nazio mailako produktuak bazeuden, baina garrantzitsua zen hiri mailako produktu euskaldun bat bideratzea.
Irutxulo-tik etorrita, nolako erronka izan zen Donostiako egunerokoaren berri euskaraz emango zuen erredakzio bat martxan jartzea?
Bai, erronka handia izan zen, lan handia egin behar izan zen, eta nik uste dut Irutxuloko Hitza-k sorburuan hainbat berezitasun izan zituela beste hitzek ez zituztenak. Ordurako Tolosaldeko eta Goierriko Hitza-k martxan ziren, eta Irutxuloko Hitza sortzerako momentuan gauza batzuk esportatu edo estrapolatu genituen beste eskualdeetako Hitzetatik, baina beste gauza asko bereiziak izan ziren. Herri txikiz osatutako eskualde baten errealitatea eta hiri batena desberdinak dira, eta desberdintasun horiek produktuan ere islada bat izan behar zutela iruditzen zitzaigun.
Esate baterako, hasierako ezaugarri bat izan zen astelehenetan kioskoan egotea. Gure irakurketa izan zen hiri honetan kirolak eta Realak eta abar pisu handia dutela, eta iruditzen zitzaigun gai horiei buruz euskaraz informatzeko saiakera bat egin beharra zegoela, eta gainera beste egunkarietan (Berrian, adibidez) astelehenetan produkturik ez zegoenez, euskal irakurleei astelehenero euskarazko produktu bat eskaintzea guretzat erronka eta balio erantsi bat izan zitekeen.
Aldaketarik izan zen aspektu horiei dagokienean?
Nik uste dut astekari izateak bere momentuan gaia lantzeko orduan beste estilo bat eskatzen dizula, egunkariak momentuan momentukoa lantzera behartzen zaitu. Hala ere, beti ahalegindu izan gara Irutxuloko Hitza-n ere tartea ematen beste motatako erreportajeei, beste patxada bat eskatzen zutenei, eta egunerokotasun horri hain lotuta ez daudenekin jarraitu izan genuen Irutxulo-n bere garaian egiten zen bezala.
Zerk eraman zintuzten Irutxuloko Hitza sortzera?
Euskarazko hedabideen inguruan iruditzen zitzaigun gogoeta bat bazegoela momentu horretan mahai gainean, eta nik uste dut bazegoela jendearen aldetik jausi bat egiteko gogoa, ostiralei itxaroten egon gabe, egunero egunero postontzian euskararen inguruko informazioa jasotzeko. Bideragarritasuna begiratu beharra zegoen, hedabideen mundua zaila da eta euskarazkoak badira are gehiago. Gogoetak eta zalantzak izan ziren. Egia esan nire iritziz gauza oso interesgarriak plazaratu ziren orduan. Baziren ideia batzuk gauzatu direnak eta beste batzuk ez. Nahiko berritzaileak ziren batzuk, banaketa sistemaren gainean eztabaidatu genuen… Ameriketan bezala kajoi horiek kristala mugituta bertatik egunkaria hartzeko: proiektua nahiko aurreratuta egon zen, baina finantzazioa dela bestea dela ezin izan genuen aurrera egin. Asko ikasi genuen eta gogoeta asko egin genuen gaiaren inguruan: a, b eta c aztertu genuen eta egokiena izan zitekeena aukeratu genuen; eta ekonomikoki bideragarria izango zena. Baina proiektua bera oso aberasgarria izan zen.
Nola eman zenuten proiektuaren berri?
Irutxuloko Hitza sortu aurretik, auzoz auzo ibili ginen auzoetako eragileak konbentzitzen proiektuan parte har zezaten: kirol elkarteak, kultur elkarteak, elkarte gastronomikoak… Askok bat egin zuten proiektuarekin, eta prozesu hori bera oso inportantea izan zen hau sortu aurretik sozializatzen joateko. Behin sortuta errazagoa izan zen, baina hori, neurri batean, aurretik bilera asko egin genituelako izan zen. Eragile mordo batek egin zuen bat proiektuarekin.
Langileek nola nabaritu zenuten aldaketa?
Irakagarria izan zen. Asteazkenetan ixten genuen astekaria, eta tira. Hemen egunero lana egin beharra zegoen, eta astelehenetan ere ateratzen genuen. Beraz, txanda sistema konplexu bat eratu behar izan genuen. Hala ere, gure kezka beti izan zen jakinda lan ordutegietan langileak kaltetuak izango zirela… Inork ez du igande batean lan egin nahi, baina kazetaritza horrelakoa da. Orduan gure kezka beti izan zen jakinik ordutegiak langileei eraldatuko zaizkiela baldintza ekonomikoak duin mantentzea eta ahalik eta kalte gutxiena egitea horretan. Egia da ere kristoren ilusioarekin ekin geniola proiektuari eta horrek estaltzen zituen hor egon zitezkeen kalte horiek. Txanda sistema nahiko konplexua osatu genuen beti saiatuz ahalik eta egun gehien libratzen, asteburuan lan egiten zutenek astean zehar deskantsatzea eta abar.
Nola lantzen zenuten hiria informatiboki?
Kazetaritza ikuspegitik, argi genuen udalak oihartzun bat izan beharko lukeela. Bertan jarduera asko ematen dira eta erabaki asko hartzen dira hirian eta hiritarrengan eragina dutenak, eta kazetari bati egokitu zitzaion udal kontuak lantzea. Baina aldi berean oso argi geneukan hiria udala baino askoz gehiago zela, eta beste kazetariak auzoetara eta gizarte eragileei begira jarri genituen. Garrantzitsua iruditzen zitzaigun auzo guztietako informazioa ematea, eta kolaboratzaile sare handi bat izan genuen auzoz auzo. Bagenuen beste taldetxo bat kirolei begira. Bagenuen ere iritzi atal bat, eta hor, batez ere, kolaboratzaile eta zutabegile asko genituen.
Irutxuloko Hitzak 15 urteotan egin duen ibilbidea nola baloratzen duzu?
Nik uste dut ibilbide oso positiboa izan dela. Ezin dugu ukatu idatzizko kazetaritza, orokorrean, eta euskarazkoa are gehiago, eraldaketa prozesu batean sartuta dagoela, eta digitalizazioaren kontuarekin paperetik beste urrats batzuk eman behar direla. Baina horretan uste dut Irutxuloko Hitza nahiko ondo moldatu dela. Proiektuaren barruan egon gabe aspaldian kanpotik ikusten dena da egon direla saioak eguneroko erronka horiei aurre egiteko eta mundu digitalean tokitxoa izatera begira.
Gomendiorik egingo zenioke Irutxuloko Hitza-ri?
Nahiko duin bete ditu bere helburuak, baina euskal kontsumitzaile eta hiztun gisa nahiagoko nuke orain daukan irismen tasaz harago iristea. Bestalde, gomendatuko nioke teknologiaren aldetik eta digitalizazio horretan bide berriak irekitzen saiatzeko, eta hor sortu daitezkeen bideei adi egotea. Bestetik, hiriko eragileekin duen lotura indartzeko ahalegina egiteko ere eskatuko nioke.
Nola aldatu da Donostia azken urteotan, zure iritziz?
Azken urteotan bizitzen ari gara gentrifikazio eta turistifikazio prozesu bat eta prozesu horretan euskaldunok adi egon behar dugu hizkuntzak bere tokia izaten jarrai dezan eta Donostiak hiri euskaldun izaten jarrai dezan. Nik agian hor ikusten dut aldaketa esanguratsuenetako bat.
Zeintzuk dira Irutxuloko Hitza-k donostiarrei egiten dizkien ekarpenak?
Beste hainbat elementurekin batera, hiria euskaraz eta euskaratik bizitzeko aukera eskaintzea da ekarpen garrantzitsuenetako bat, eta hirian ahotsik izan ez duten askori ahotsa ematea.