Izan zirelako, ‘bagera’
Egungo ‘Irutxuloko Hitza’-ra heltzeko, lan handia egin dute hiriko pertsona ugarik. Haien lanik eta ekimenik gabe ez baikinen garen tokian izango. Bagera elkartearen inplikazioa nabarmena izan da.
Irutxuloko Hitza-k 15 urte bete ditu, eta hamaika erronka ditu etorkizunera begira. Erronka horiei ekiteko modu on bat da iraganari begiratzea, aurrekoek egindakoari so egin eta etorriko denari kemenez heltzeko. Saio horretan, asko dugu ikasteko Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkartetik, haien lanik eta ekimenik gabe ez baikinen garen tokian izango. Hala ere, elkarteko Aitziber Gurutzeagak (Donostia, 1971) eta Ainara Vazquezek (Donostia, 1976) argi dute Irutxuloko Hitza-ren sorreraz eta bilakaeraz mintzatzeko 15 urte atzera egitea ez dela nahikoa.
Izan ere, Irutxuloko Hitza sortu baino lehen, Donostian bazen euskarazko komunikabide bat: Irutxulo astekaria. Irutxuloko Hitza-ren ernamuina izan zen astekaria 1994ko martxoan sortu zuen Bagerak. Aitziber Gurutzeagaren arabera, “hutsune nabarmena zegoen garai horretan, hirian ez baitzen tokiko informazioa euskaraz plazaratuko zuen prentsarik. Euskaldunon Egunkaria sortu berria zen, eta, aldi berean, tokian tokiko astekarien loraldia izan zen Euskal Herrian. Irakurzaletasuna euskaraz sustatzea oso garrantzitsua zen, jendeak tokiko informazioa irakurtzeko beti erdarara jotzen zuelako. Bazen erronka bat hutsune hori betetzea”.
Erronka horri ekin zioten, eta Irutxulo “erreferente” bihurtu zen, Gurutzeagaren esanetan: “5.000 etxetara iristen zen astekaria. Atera kontuak. Helburua donostiar euskaltzaleengana iristea zen, baina nik uste dut haratago ere iristen zela: ezaguna zen. Oso gertuko informazioa erabiltzen zuten eta auzoek presentzia handia zuten”.
Hala ere, zailtasunak ere baziren, Ainara Vazquezen arabera: “Lan baldintzak nahiko prekarioak ziren orduan, eta horrek eskatzen zuen lanean zegoen jendeak inplikazio handia izatea proiektuarekiko. Hala ere, bideragarritasun ekonomikoa pixkanaka areagotzen joan zen, lan baldintzak hobetuz”.
Astekaritik egunkarira
Hamarkada bat pasata, gogoeta batean murgildu ziren bai Bagera elkartea bai astekariko lantaldea ere. Izan ere, 2003an Berria egunkaria sortu zuten, Euskal Herri osoa euskaraz informatzeko, eta bere inguruan Euskarazko Komunikazio Taldea (EKT) eratu zen. Horren barruan, Bertako Hedabideak enpresa zegoen, eta bere apustua tokiko egunkariak sortzea eta Berria Taldean txertatzea zen. Horrela, hamarkada bat lehenago hainbat eskualdetan sorturiko astekariak egunkari bihurtzeko fasean sartu ziren, eta Donostia ez zen atzean geratu: “Proposamena iritsi zen Bagerara, eta gogoeta prozesu bat abiatu genuen. Hiriburua izanda, nik uste dut apustu garrantzitsua zela”, dio Vazquezek.
“Zalantzak izan genituen, ordura artekoak ondo funtzionatzen zuelako, eta egunkariak erronka handi bat suposatzen zuen: horrek dena eraldatzen zuen”, Gurutzeagaren hitzetan. Gogoeta prozesu horren emaitza da Irutxuloko Hitza, eta 2005ean atera zuen bere lehen alea.
Hasiera guztiak zailak dira, baina Irutxulo astekariaren oinarriak asko lagundu zuela dio Ainara Vazquezek: “Astekariaren oinarria, lantaldea, sarea eta esperientzia ezinbestekoak izan ziren Irutxuloko Hitza-ren sorreran”. Hala ere, eraldaketa orok aldaketak dakartza, eta astekari bat egunkari bihurtzea ez da eraldaketa makala: “Lan egiteko modua alde batera utzita, hedabidearen gain erabakitzeko ahalmena partekatu egin behar genuen orain Berria Taldearekin, adibidez. Bagerak eta Berria Taldeak %40ko gaitasuna dute bakoitzak erabakiak hartzeko”. Gainerakoa “hirugarren hanka” bati dagokio: gizarte eragileei. “47 gizarte eragile lotu genituen Donostiako Berriak elkartearen baitan, eta ez dute atxikimendua edo babesa bakarrik ematen: enpresaren parte dira. Argi geneukan Donostiako eragileek presentzia bat izan behar zutela eta babes sozial bat ematea garrantzitsua zela”.
Garai berrietara egokitzen
Interneten eta sare sozialen sorrerak gizartearen norabidea eta funtzionamendua aldatu dute, eta horrenbestez, baita hedabideen mundua ere. Eskaintzak eta kontsumitzeko moduek eraldaketa sakona jasan dute: “Gizarteak azkartasuna nahi du: gaur sortzen den albistea bihar jada zaharra da. Horrek eskatzen du moldatzen joan behar izatea”. Irutxuloko Hitza-k ondo egokitzen jakin duela uste du Ainara Vazquezek: “Proiektu txikien onena da egoerara moldatzeko malgutasun eta erraztasun hori, momentuko beharrei erantzuteko. Beraz, hasierako aurreikuspenak doitzen joan behar izan dira, eta baita neurria hartzen ere”.
2012tik hona, Irutxuloko Hitza astekaria izan da, baina egunerokotasunera loturik jarraitu du. Webgunean eta sare sozialetan une oro Donostiako egunerokoaren albisteak argitaratzen dituzte. Formatua ere berritu egin zuten 2018an, azalberrituz eta orrialde kopurua handituz. Eta, edukiari dagokionez, Hamabietan bermuta eta Atzera begira sortu dituzte ere.
Bagera elkarteko kideen arabera, Irutxuloko Hitza-k bere helburuak ondo bete ditu, eta “gaitasun handiko lantalde polita” daukala azpimarratzen dute biek. Gainera, aurrera begira egin beharrekoa argi du Ainara Vazquezek: “Irutxuloko Hitza-ren erronka nagusia da erreferentzialtasuna beste eremu batzuetara zabaltzea, eta jende gehiagorengana iristea. Euskaldunen komunitatea handia da Donostian, eta oraindik badaukate eremu bat hor irabazten jarraitzeko. Nik uste dut gertutasunaren bidez lortuko dugula hedapen hori handiagoa izatea, eta hor asko egiten du Irutxuloko Hitza-k”.
Hitzakideen ahotsa
Irutxuloko Hitza-ren irakurle izateko modu asko daude: astekaria irakur dezakezu ostiraletan, webgunearen eta sare sozialen bidez informa zaitezke, eta Hitzakide izateko aukera ere hor dago. Hitzakideek proiektua indartzen laguntzen dute, eta trukean prentsa eskaintza osoa jasotzen dute PDF formatuan, eta baita hainbat abantaila, zerbitzu eta deskontu ere.
Carmen Garin, Hitzakidea: “Euskaltegian nenbilela esan ziguten tokiko informazioa euskaraz ematen zuen astekari bat sortu zutela, eta ordutik nago harpidetuta”
Hitzakideak asko eta hainbat profiletakoak dira. Horietako bi dira Carmen Garin (Donostia, 1957) eta Alos Egaña (Donostia, 1990). Biak hezkuntzaren arloan jarduten dira profesionalki, baina bi belaunaldi desberdinetakoak dira. Garin Irutxulo astekariaren garaitik da harpidedun: “Euskaltegian nenbilela esan ziguten tokiko informazioa euskaraz ematen zuen astekari bat sortu zutela, eta ordutik nago harpidetuta”. Alos, berriz, 2019ko irailetik da Hitzakide: “Gurasoak bazirenez, beraiekin bizi nintzela irakurtzen nuen paperean. Hala ere, Internet bidez irakurtzeko ohitura izan dut beti”.
Alos Egaña, Hitzakidea: “Gurasoak bazirenez, beraiekin bizi nintzela irakurtzen nuen paperean. Hala ere, Internet bidez irakurtzeko ohitura izan dut beti”
Edukia gustuko dute biek, eta Egañak positibotzat jotzen du feminismoaren inguruan gero eta gehiago sakondu izana; kultur proposamenak irakurtzea ere gustatzen zaio. Garinek, berriz, zineman ikusgai dauden pelikulen atala ere gehituko lioke. Hobetu daitezkeen gauzei dagokionez ere, euren ekarpena egin dute: Garini letra irakurtzeko “zail samarra” iruditzen zaio, eta formatu berri honekin gusturago irakurtzea espero du; Alosek, berriz, bideo eta argazkien bidez komunikazio bisuala indartzen jarraitzeko beharra azpimarratu du.
Jendea Irutxuloko Hitza irakurtzera animatu dute biek, “euskarazko tokikoa izanda, donostiarrentzako gertuko hedabide bat delako”. Etorkizuneko erronka? Gehiagorengana iristea!