Lucio Urtubia anarkistari buruzko erakusketa egingo dute Intxaurrondon
Intxaurrondo Kultur Etxeak Lucio Urtubia, bizitza borrokan binetaz bineta izeneko erakusketa aurkeztu du, Gerezi garaia (2017) eleberri grafikoaren sorkuntza prozesua aurkezteko. Belatz ilustratzaile eta gidoilariaren eleberriak Lucio Urtubia anarkista nafarraren bizitza hartzen du oinarri: Cascanten haurtzaroa, lehen banku-desjabetzeak, poliziak ekiditeko asmatutako trikimailuak, familia kontuak, Ctitibank banketxearekin egindako negoziazioa, muga zeharkatzeak… Martxoaren 10etik 26ra ikusgai egongo da.
Kike Infame eta Jose Carlos Torre dira erakusketaren komisarioak. Erakusketari hasiera emateko solasaldia antolatu dute martxoaren 10ean, 19:00etan, eta martxoaren 26an ordu berean erakusketari itxiera emateko Lucio filma proiektatuko dute. Horren ostean mahai-ingurua egingo dute Jose Mari Goenaga zuzendariarekin eta Xabier Berzosa ekoizlearekin batera, Jon Garañok dinamizatua.
Ekitaldi guztietarako sarrera doakoa izango da, jarleku guztiak bete arte.