Txuri Urdinek ligako finala jokatuko du Puigcerdaren aurka
Azken-aurreko oztopoa gainditu dute. Igandeko garaipenarekin, Txuri Urdinek play-offetako finalerdia irabazi eta ligako titulua berriro ere eskuratzeko aukera eskura utzi du. Helburu handia lortzeko, ordea, Puigcerdaren aurka lehiatu beharko dira donostiarrak, datorren asteburutik aurrera jokatuko den bost partidako kanporaketan.
Taldeak gainditu berri duen finalerdiari dagokionez, nabarmendu beharra dago Jacak gauzak zail jarri dizkiola talde donostiarrari. Izan ere, haien etxean jokaturiko lehen norgehiagoka galdu zuten arren, aragoiarrek ez zioten uko egin haien aukerari eta, larunbateko bigarren partidan, Txuri Urdin garaitzeko gai izan ziren, kanporaketa berdintzea lortuz. Igandean, ordea, donostiarrek ez zuten hutsik egin eta, 5-3ko emaitzarekin, hirugarren partida irabazi eta finalerako txartela eskuratu zuten.
Puigcerdak, bere partetik, sorpresa eman du Bartzelona eliminatuz. Izan ere, ligako lehen faseko irabazlea talde faborito gisa iritsi zen katalanen arteko finalerdira. Lehia estu baten ostean, ordea, Puigcerdak edonor garaitzeko gai dela erakutsi du, eta Txuri Urdini liga titulua kentzeko asmoz iritsiko da larunbatean (21:30) Donostian jokatuko duten lehen norgehiagokara.