Altzako kiroldegiaren inguruetako errepide-sarea atontzeko eraberritutako proiektua onartu dute
Tokiko Gobernu Batzordeak Altzako kiroldegiaren inguruko errepide-sarea hobetzeko eraberritutako proiektua onartu du gaur goizean; Injelan SL enpresak idatzi du proiektua, eta 1.193.818 euroko aurrekontua izango du.
Eneko Goia alkateak azaldu duenez, proiektu originala honako alderdi hauetan eraberritu behar izan da: Oleta Ikastetxerako sarbideak, kiroldegiaren eta ikastetxearen artean dagoen biribilgune nagusiaren inguruan; Casares pasealekua eta Darieta bidea arteko bidegurutzean (Harri Berritik gertu) eraberritu gabe geratu dena; eta aurreikusitako aparkalekua (Larresko obren zati gisa egin dena).
Honako argibideak gaineratu ditu Goiak: “Darieta biribilgunean, egokitzapenean, Berrako bidean Kasaresetik datorren Darietako adarra pixka bat biratu da, eta kiroldegiko eta Oleta Ikastetxeko adarrerako sarbidea Darietatik bakarrik izatera behartu da. Adar horren eta biribilgunearen arteko lotura irteerarako baino ez da erabiliko”. Gainera, jakinarazi du kiroldegiko obrak egitearen ondorioz, Uraren eta Saneamenduaren Udal Zerbitzuak ezarritako irizpide berrien eraginez, euri-uren eta ur beltzen saneamendu kanalizazioen doitzea planteatu behar izan dutela.
Oleta Ikastetxeko sarrera, bi fasetan
Oleta Ikastetxera sartzeko lanak bi fasetan pentsatu dituztela adierazi du alkateak. Lehen fasean, oinezkoentzako sarbide berri bat eraikitzea aurreikusten du Donostiako Udalak, egungo arrapalatik ibilgailuen sarbidea mantenduz. Horretarako, azaldu du Goiak, beharrezkoa izango da Darieta biribilguneko espaloia eta ikastetxerako egungo sarbidea behin-behinekoz egokitzea.
Bigarren fasean, berriz, Oleta Ikastetxerako ibilgailuen sarbidea bukatuko dute, kiroldegira sartzeko bidearen beheko muturretik, eta %12ko malda duen sarbidea lortuko da. Ondoren, egungo sarbideak hartzen duen espazioan 4,40 metroko zabalerako eskailera egingo dute. “Jarduketa horien bidez, oinezkoentzako plataforma zabalago bat lortzen da Oleta Ikastetxera oinez sartzeko eskailera berriaren goialdean, ikasleen sarrera eta irteera erraztuz”, esan du alkateak.
Lanak “normaltasunez”
Azken asteetan, Altzako kiroldegi berriaren eraikuntza lanetan hainbat irregulartasun egon direla salatu du ELA sindikatuak, baina Eneko Goia alkateak gaur jakinarazi duenez, lanak berrartu dituzte: “Kiroldegiko lanak ondo doaz, eta aurreikusitako epeen barruan doa obra”. Aurreikuspenen arabera, 2021eko erdialdean amaituko dituzte.