Etxebizitzak eta bizitegi eraikinak birgaitzeko diru laguntzak emango ditu udalak
Donostiako Udalak 2,6 milioi euro bideratuko ditu aurten, hiriko etxebizitzak eta bizitegi eraikinak birgaitzeko diru laguntzak emateko. Hiru lan mota egiteko emango dituzte laguntza horiek: irisgarritasuna hobetzeko eta eraikinen azterketa teknikoaren inguruko elementu komunak jartzeko (arrapalak, igogailuak, eta abar), energia eraginkortasuna eta isolamendu akustikoa hobetzeko elementu pribatuak jartzeko eta alokairuan jarri nahi diren etxebizitza hutsak birgaitzeko. Hain zuzen, 30 dezibelioko zarata isolatzeko leiho berriak jartzeko eta 65 urtetik gorako pertsonak edo mugikortasun urriko pertsonak bizi diren etxebizitzak egokitzeko eskatu ahalko dira diru laguntzak. Era berean, etxebizitza hutsak dituzten jabeek ere laguntzak eskatu ahal izango dituzte, beti ere, Alokabideren bitartez alokairuan jartzeko.
Diru laguntzak eskatzeko epea martxoaren 12ko 9:00etan irekiko dute, eta apirilaren 3ko 14:00etan itxi. Etxegintzaren bulegoetan (San Martzial kalea, 2, astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00etara), Udalinfo bulegoetan eta udalaren webgunean egin ditzakete eskaerak pertsona fisikoek, eta pertsona juridikoek webgunearen bitartez soilik.
Udalak 2,9 milioi euro bideratu zituen 2019an etxebizitzak eta bizitegi eraikinak birgaitzeko: 1,5 milioi euro irisgarritasun elementuak jartzeko, 1,3 milioi euro eraikinen azterketa teknikoak agindutako lanak egiteko eta 100.000 euro inguru energia eraginkortasunerako, isolamendu akustikorako eta 65 urtetik gorako pertsonen edo mugikortasun urriko pertsonen etxebizitzak egokitzeko, hain justu.