Bilboko Zinegoak jaialdia Donostiara egingo du jauzi
Ospatu berri dute Bilboko Zinegoak, Gaylesbitrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdia, eta hara joateko aukerarik izan ez zutenek, jaialdiko ikus-entzunezkoak 60 herritan proiektatuko dituzte, besteak beste, Donostian. Filmak jatorrizko hizkuntzan proiektatuko dituzte, euskarazko zein gaztelaniazko azpitituluekin.
ZG Hedapena egitasmoari esker, martxoan eta apirilean herriz-herri ibiliko dira jaialdiko lanak. “ZG Hedapena helburu zehatz batekin jaio zen: jaialdian ikusgai ditugun lanak udalerrietara zabaltzea, oro har herrientzat zaila delako mota horretako edukiak eskuratzea”, azaldu dute antolatzaileek. “Gero eta ohikoagoa da LGTBI+ edukiak edo pertsonaiak dituzten pelikulak zinema komertzialetara heltzea, baina ez da gauza bera gertatzen film labur eta dokumentalekin” gaineratu dute.
Gipuzkoan, Bizkaian eta Arabara zabalduko dituzte proiekzioa, eta gure lurraldean, Anoeta, Arrasate, Azpeitia, Bergara, Hernani, Hondarribia, Oiartzun, Oñati, Tolosa, Zizurkil eta Zumaiak errepikatuko dute. Donostian ere egingo dituzte proiekzioak, eta aurten lehen aldiz, Asteasun, Elgoibarren, Errenterian, Ordizian eta Lasarte-Orian jarriko dituzte ikusgai.
Donostiara ere bai
Gure hirian martxoaren 16an, 17an eta 18an egingo dituzte proiekzioak, Antzoki Zaharrean; emanaldi guztiak 19:30ean izango dira, bost euroren truke. Ehgam-ek Gehitu-k, Zinegoak-ek eta Donostia Kulturak, hamabigarren aldiz ekarriko dute jaialdiaren zati bat Donostiara. Honakoa da egitaraua:
- Martxoak 16: Mi pequeño gran samurai, Cocodrilo, ADLib, Jess, Rani, La Mariachi eta XY.
- Martxoak 17: Let there be light.
- Martxoak 18: Margen de error.