Kontxako barandaren zati berriak jartzen hasi dira
Kontxako barandaren berritze lanak azken txanpan sartu dira, eta gaur, hilak 12, hasi dira barandaren zati berriak jartzen. Asteazkenean egin zituzten baranda jartzeko zuloak egin beharreko puntuak markatzeko lanak, eta gaur hasiko dira Portoko enpresa batean egindako baranda zati berriak jartzen.
Antiguako tuneletik Flemingen eskulturaraino doan zatiko baranda da oraingoan berrituko dutena (200 bat metro), Obras Especiales de Edificacion e Infraestructuras SAU enpresaren eskutik, eta proiektuak 1.222.554,19 euroko aurrekontua izan du. Era berean, zati horretako kostaldera ematen duen horma ere berritzen ari dira, indartzeko helburuarekin. Baranda berriak maiatzerako prest egon behar duela azaldu du udalak, orduan egiten baita Kontxako Baranda ballet emanaldia. Bestalde, datozen egunetan, zati horretako bidegorria botako dute, ibilgailuentzako errei bat kenduko baitute, espaloia zabalduz. Lan horiek irauten duten bitartean, bizikletan doazenek eskuan eraman beharko dute bizikleta zati horretan.
Zati horren berrikuntza bukatu ondoren, Flemingen eskulturatik La Perla bainuetxeraino doan zatiko baranda ere berrituko dute, baina lan horiek lehiaketa publikora atera behar dira oraindik. Azken zati hori berritzen dutenean, Kontxako baranda osoa egongo da berritua, gainontzeko zati guztiak aurretik aldatu baitzituzten.