2021eko ekainean egongo da prest Donostiako udaletxe berritua
Eraikinaren barrualdea birmoldatuko duten lanak egiten ari dira udaletxean. Udal gobernuak proiektuaren gainkostua onartu zuen duela aste batzuk, baita langileen ordutegien eta lanen epeen aldaketak ere.
Udaletxearen mendebaldean lan egiten ari dira, zonalde horretako bulegoak berrantolatzeko. (Argazkia: Irati Salsamendi) Tokiko Gobernu Batzordeak 2019ko martxoaren 12an adjudikatu zion Unebide Obra y Contratas S.L. enpresari udaletxeko birmoldaketaren proiektua, 4.695.731,70 euroko aurrekontuarekin –aurreikusitakoa baino %16 gutxiago–. Maiatzean hasi zituzten lanak eraikinaren barrualdean, eta lanen aldamioa dago ikusgai orain.
Udalak azaldu duenez, udaletxeko bulegoak berrantolatzea da proiektuaren helburua, eta sotoa, beheko solairua, lehenengo solairua eta mendebaldeko hegaleko teilatupea birgaituko dituzte. Azken zonalde horretan ari dira lan egiten une honetan, idazkaritzaren bulegoak, zerbitzu orokorretarako bulegoak, talde politikoentzako hainbat gune eta prentsa areto berria egiteko. Era berean, sindikatuentzako izango diren bulegoak eta langileentzako aldagelak eta biltegia ere egiten ari dira. Lanak bukatzean, kalearen altueran gobernantzako departamentuko bulego berriak egongo dira,lehenengo solairuan talde politikoen eta idazkaritzaren bulegoek jarraituko dute, bigarrenean zerbitzu orokorrak eta beste hainbat gela egongo dira, eta sotoan egongo dira sindikatuen bulegoak, biltegiak eta aldagelak.
Duela aste batzuk, udal gobernuak proiektuaren 1.343.000 euroko gainkostua onartu zuen, baita lanak bukatzeko epea 26 hilabetetara luzatu, hasieran 20 hilabete ziren bitartean. Era berean, enpresa esleipendunari langileen lan orduak gaueko hamabiak arte luzatzeko baimena eman dio. Horrela, lanak 2021eko ekainean bukatuko dituztela aurreikusi dute.
Turismo bulego berriak ere bai
Lan horiek ez dira udaletxean egingo dituzten bakarrak, Donostiako eta Gipuzkoako turismo bulego berriak eraikinaren ekialdeko hegalean egingo baitituzte. 1,7 milioi euroko aurrekontua du proiektuak, eta adjudikazioaren zain dago.

