Goia alkateak mezua zuzendu die donostiarrei, koronabirusaren krisiaren inguruan
Bere sare sozialen bidez, Eneko Goia alkateak mezu bat zabaldu du bideo moduan, koronabirusaren krisiaren inguruan eta donostiarrei zuzenduta. Momentu berezia bizi dugula adierazi du. Donostiako udaletxea, beste erakunde batzuekin elkarlanean lanean ari direla azpimarratu du, “egoerari aurre egiteko”.
Donostiako hiritarren portaera eredugarria dela aipatu du, heldutasuna eta ardura erakutsi dutela egun hauetan. Nabarmentzeko elementu edo gertaera negatiborik ez dagoela ere esan du, ematen diren oharrak denek betetzen dituztela. Eskerrak eman dizkie udaleko langileei, osasun arloan lanean ari direnei, udal taldeei, enpresariei eta merkatariei haien zerbitzuengatik, eta baita hiritar guztiei ere, “etxetik lanean jarraitzen dutelako”.
Lasaitasun mezu bat bidali nahi izan du bideoaren amaieran: “Isolamendu momentu hauetan inoiz baino garrantzitsuagoa da donostiar bezala batuta egotea. Batera, lasaitasunez, irtengo garelako egoera honetatik, ahalik eta azkarren, eta horrela jarraitu ahal izango dugu gure hiri hobe hau eraikitzen.