"Bizi dugun egoeran bizilagunei une atsegin bat pasarazi badiezaieket, balkoira ateratzea merezi du"
Gauero, 20:00etako txalo zaparradaren ostean, Erlantz Fernandezek (Donostia, 1978) bere tronpeta hartu eta auzotarren berrogeialdia musikarekin arintzen du Egia kaleko balkoi batetik. Donostiako kontserbatorioko irakasle honek Italiatik iritsitako irudietatik jaso zuen bere musika partekatzeko ideia, eta badirudi bizilagunak pozik dituela, hainbatek kantuz bat egiten baitute bere egitasmoarekin.
Gauero tronpeta jotzera ateratzen zara balkoira. Zergatik?
Banekien Italian musikariak balkoietara ateratzen ari zirela, eta horrek bizilagunei sortzen zien poza ikusita, nik ere halako zerbait egin behar nuela pentsatu nuen.
Eta zein musika mota eskaintzen diezu?
Aldatzen noa. Aurrekoan bizilagunak Txoria txori abesten hasi ziren, eta aukera hori aprobetxatuz, tronpeta hartu eta haiei batu nintzen. Baina errepertorioa egunero aldatzen saiatzen naiz, eta atzo, adibidez, opera zatitxo bat jo nuen, [Giacomo Pucciniren] Nessun Dorma. Abesti herrikoiak ere sartu ohi ditut, jendeak abestu eta momentu atsegin bat pasa dezan.
Orain gauero jendea zain izango duzu.
Nire alabak, ziur. Bizilagunei dagokienez, ez dakit zain egongo diren edo ez, baina atzo, lau kanta jo ondoren etxera sartu nintzenean, beste bat eskatzen hasi ziren behintzat.
Zer esaten dizute?
Batzuk jada hasi zaizkit abestiak eskatzen. Bizi dugun egoera honetan bizilagunei une atsegin bat pasarazi badiezaieket, balkoira ateratzea merezi du.
Gaua balkoitik balkoira sozializatzeko unea bilakatu da. Zuk zer egiten duzu, baina, egunaren gainerako orduetan?
Kontserbatorioko irakaslea naiz eta arratsaldetan Internet bidezko klaseak ematen ari naiz nire ikasleei. Goizak, berriz, erosketak egin eta haurrekin egoteko baliatzen ditut. Egunak motz geratzen zaizkit.
Errepertorio luzea beharko duzu, diotenez, hau hasi besterik ez delako egin.
Txantxetan esaten dut azkenean eskalak eta arpegioak jotzen amaituko dudala, ideiak ere agortu egiten zaizkit eta. Gainera, jotzen ari naizen musika ez da nire mundua. Ni tronpeta klasikokoa izan naiz betidanik, eta partiturarekin jotzen dut. Horregatik, benetako lana egiten ari naiz abesti gehiago ateratzeko.
Bizilagunek eskertuko dute lan hori, animoa mantentzea garrantzitsua da eta.
Lana baino, jotzera ateratzeak ematen didan lotsa da okerrena. Baina bizilagunek asko eskertzen dutela ikusten dut, eta horrek honekin jarraitzera bultzatzen nau.
Beste batzuk animatu dira jada zurekin batera jotzera?
Badakit bizilagunen batek edo bestek instrumentuak dituztela, baina momentuz ez dira animatu, lotsagatik edo. Baina parte hartzera animatzen ditut, denon artean orkestra bat osatzeko.
Gaurko saiorako prestatu duzuna aurreratu dezakezu?
Ezin dizut ezer aurreratu [barrez]. Gainera, urduri jarri ohi naiz eta, abesti batzuk prestatuta izan arren, askotan momentuan ateratzen zaidana jotzen dut.