"Ez da Mojo Workin’ gehiagorik izango"
Gure Gauza Kultur Elkarteko buru gisa, hamaika urtez Mojo Workin’ soul eta rhythm & blues jaialdia antolatu du Donostian. Aurten, koronabirusa dela eta, bertan behera utzi dute azken orduan, eta kalte handiak eragin dizkio horrek jaialdiari eta Kortabitarteri. Horrela, baieztatu du ezingo dutela Mojo Workin’ gehiagorik egin.
Nola jakin zenuten jaialdia bertan behera utzi behar zenutela?
Joan den asteko ostegunean, Pedro Sanchezen prentsaurreko bat egongo zela jakin genuen, eta hotelera joan ginen ikustera. Orduan, ikusi genuen 1.000 pertsonatik gorako ekitaldiak bertan behera utziko zituztela, eta, hasiera batean, 1.000 pertsonatik beherakoen ikusleak heren batera murriztu; azken horrek eragingo zigun guri.
Donostia Kulturan oraindik ez zekiten ezer, baina esan ziguten presidenteak hori esan bazuen, segur aski hori aplikatu beharko zela. Jaialdiko ikusle kopurua heren batera murrizteko aukeraren aurrean, esan ziguten ezetz: Gasteizen antzeko zerbait egin zuten sarrera guztiak salduta zeuden ekitaldiren batean, eta iskanbila egon zen, noski, nor uzten duzu kanpoan eta nor ez? Ostiral goizean esan ziguten ekitaldi guztiak bertan behera uzteko erabakia hartu zutela.
Nola eragin du honek jaialdian eta zure bizitza pertsonalean?
Niri eragin dit Mojo Workin’- jaialdian pentsatzea, eta botaka egiteko gogoa sartzea. Egoera honek lortu du bizitzan ilusio gehien egiten zidan gauzetako bat niretzat infernu bihurtzea. 2021eko Mojo Workin’ jaialdia antolatzera animatzen ari nauen jendea dago, baina tripak nahasten zaizkit entzuten dudanean.
Gure Gauza Kultur Elkartearentzat, zor gaindiezin bat suposatzen du; ezingo dugu hortik atera erakundeen edo jendearen laguntza gabe, sarreren salmentan jaso dugun diru guztia hegazkin bidaietan, hoteletan, artisten janarian eta cachean gastatu dugulako. Horretaz gain, ordaindu gabeko faktura ugari daude. Egin ditugun kalkuluen arabera, elkarteak 50.000 bat euro zor ditu, eta jaialdiak 65.000 eta 70.000 euro arteko galerak izan ditu.
Erakundeek esan dizuete laguntza ekonomikoren bat izango duzuen?
Donostia Kulturari gure egoera azaldu diogu, jende askok esan baitigu ez duela sarreraren dirua itzultzea nahi, beraz, gure asmoa zen dirua banan-banan itzultzea, hala eskatzen zutenei soilik. Ordea, Donostia Kulturatik jakinarazi digute sistemaren arazoren batengatik hori ez dela posible eta, beraz, denei itzuli behar zaiela dirua edo inori ere ez. Guk esan diegu ez daukagula itzultzeak egiteko dirurik, eta esan digute laguntzeko asmoa dutela. Beraz, irtenbide baten bila gaude orain.
Gainera, aurten, ukituta zegoen jaialdia, azken orduko bi aldaketa egon baitziren kartelean.
Sidney Barnesen kasuan, bizkarreko ebakuntza bat izan zuen eta ez zen ondo atera, horregatik utzi zuen bertan behera kontzertua. Dean Parrishi dagokionez [Sidney Barnes ordezkatu zuen kartelean], ale ederra dela ikusi dugu, berarekin fidatu ezin zaren pertsona bat. Hala ere, horrelako jaialdi bat antolatzen duzunean gauza horiek gerta daitezkeela dakizu, eta nolabaiteko baliabideak dituzu horri aurre egiteko. Dena batera gertatzea, ordea, ez genuen inoiz pentsatu ere egin. Era berean, jaialdia ez denez egin, diru-laguntzekin ere ez dakigu zer gertatuko den.
Jaialdia bertan behera gelditu zenean, musikariak bildu zenituzten kontzertu bat grabatzeko, ezta?
Jaialdia bertan behera geldituko zela jakin genuenean, okurritu zitzaigun kontzertuak Gazteszenan ateak itxita egitea, grabatu eta streaming bidez emateko. Gu Tabakaleran geunden entseatzen, eta Donostia Kulturakoek esan ziguten 16:00etan zentro publiko guztiak ixteko agindua zutela. 12:45ak aldera hasi ginen dena mugitzen, eta 14:30era arte baino ez geneukan denbora, orduan hasi behar baitziren Tabakalera ixten. Lortu genuen artista bakoitzak hiru edo lau abesti egitea, Niko Iturralderen laguntzarekin bideoa ondo grabatzeko, eta Julen Kutxa Kultur Kluba aretoko teknikariaren laguntzarekin soinuarentzako.
Bideo bat daukagu, behintzat agerian gelditzeko artistak hemen egon zirela eta jaialdi on bat izan zitekeela. Ideia da moduren batean bideo hori streaming bidez ematea, euren sarreren diruari uko egiten duten pertsonentzat.
Nola erreakzionatu du jendeak arazo honen aurrean?
Jende askok esan digu ez duela sarreren dirua nahi, jende asko gure webguneko merchandising-a erosten hasi da, eta jende askok dirua bidali digu donazio moduan. Aurten atera dugun gauza on bakarra jendearen babesa eta maitasuna dira, zalantzarik gabe.
Zein izan da musikarien jarrera?
Artista estatubatuarrak desilusionatuta eta triste zeuden, baina kontzertua ez egin izateagatik, ez koronabirusaren aurreko beldurra dela eta. Kontzertuen ondoren artistak ikusleekin egoten diren tarte hori bertan behera uztearen inguruan hitz egin genuen, baina Chris Clarkek, esaterako, ez zuen bertan behera utzi nahi. Bestalde, beldurra pasa dugu beraiek etxera itzultzeko garaian, Trumpek mugak itxi behar zituelako eta hemen alarma egoera zegoelako.
Gure taldea ere, nahiko lur jota, aurretik egindako lan guztia jaialdia hasi baino ordu batzuk lehenago bertan behera gelditu delako.
Jaialdiko aurkezpen prentsaurrekoan, hau guztia gertatu aurretik, esan zenuen agian aurtengoa azkena izango zela. Hala izango da?
Ez da Mojo Workin’ gehiagorik izango. Gure bizitza pertsonaletan asko eragin du honek, eta gehiegi izan da. Horrelako jaialdi bat ez luke gurea bezalako irabazi asmorik gabeko elkarte batek antolatu behar, non pertsona jakin batzuk euren dirua arriskatzen ari diren, ekonomikoki ezer ez jasotzearen truke. Artista horiek gurera ekartzeagatik eta beraiekin egoteagatik egiten genuen, onartuz agian diru pixka bat galduko genuela. Horrelako gauza bat gertatzen zaizunean, ordea, non zure egoera pertsonala kaltetuta egon daitekeen, gehiago ez arriskatzea erabakitzen duzu.
Hala ere, jaialdia musika beltzaren erreferente bihurtu da Europan. Zein da egiten duzun balantzea?
Urte hau kenduta, Mojo Workin’ bizitzan gertatu zaidan gauza onenetako bat izan da. Sentimendu, pasio eta jende ikaragarri asko izan dira hamar urte hauek. Artistikoki, niretzat, errealitate bihurtutako amets bat izan da artista horiek ekarri izana eta beraiekin hotelean garagardo bat hartu izana. Nahiz eta orain jaialdian pentsatzean tripak nahasten zaizkidan, pentsatzen dut eromen hau guztia pasatzen denean, Mojo Workin’ jaialdian pentsatzen dudanean, maitasun handiz gogoratuko dudala bizitako guztia.
Bi liburu idatzi dituzu Mojo Workin’ jaialdiko bitxikeriak kontatzen. Zikloa itxiko duzu hirugarrenarekin?
Gauzak bukatu gabe ez uzteko mania dudanez, pentsatzen dut egunen batean egingo dudala. Orain ez daukat indarrik, izan ere, zuk ere idazten duzu, eta badakizu motibatua ez bazaude ez duzula ondo idazten. Beraz, ez orain, ezta etorkizun hurbil batean ere, baina segur aski, egunen batean aurreko bi bolumenak begiratuko ditut, eta hirugarrena egiten jarriko naiz. Batik bat, bi liburu horiek idatzi nituenetik hemendik pasa diren artistei justizia egiteko: The Dixie Cups, Lala Brooks, Spencer Wiggins, The Vandellas, eta abar.
Nola lagundu daiteke jaialdia?
Merchandisinga mojoworkinfestival.com webgunean eros daiteke, eta dirua bidali nahi dutenentzat kontu bat ireki dugu Gofundme plataforman. Donazio dezente iristen ari zaizkigu, eta bakoitzarekin babes mezu bat dator. Emozioa sortzen dute mezu horiek, eta nik nerbioak dantzari dauzkat momentu honetan. Nahiz eta momentu txarrak egon, horrelako mezuekin pentsatzen duzu honek guztiak merezi izan duela.