Gune eta zerbitzu publikoak itxi dituzte koronabirusa ez zabaltzeko
Izurria piztu zenetik, udalak neurri ugari hartu ditu COVID-19 birusa donostiarren artean hedatu dadila saihesteko. Besteak beste, hiriko gune eta zerbitzu publiko gehienak itxi dira, eta hainbat udal zerga ordaintzeko epeak irailera arte atzeratu dituzte.
Koronabirusaren aurkako koordinazio taldea duela bi aste osatu zen Donostiako Udalean, sail guztietako zuzendariekin, izurriaren eraginak aurreikusi eta beharrezkoak ziren neurriak martxan jartzeko asmoz. Erabaki nabarmenenak, ordea, ostegunetik aurrera hartzen hasi ziren, Eusko Jaurlaritzak EAEko hezkuntza zentro guztiak itxi egingo zituela iragarri zuen egunetik.
Hirian, udalak jubilatuen elkarteak itxi zituen lehenik, “kautelazko” neurri modura, eta gerora beste hainbat udal zerbitzu ere etetea erabaki zuen: kiroldegiak, kultur etxeak, udal liburutegiak, gaztelekuak, haurtxokoak, Donostia Kulturaren eta Tabakaleraren programazioak… Udalinfori dagokionez, berriz, herritarren arretarako zerbitzua modu telematikoan mantendu dute, udalaren webgunearen eta 010 telefono zenbakiaren bidez.
Larrialdi egoerak iraun bitartean, gainerako zerbitzu hauek ere mantendu egingo dira: Suhiltzaileak, Babes Zibila, Udaltzaingoa, Mugikortasunaren atal operatiboa, Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzua, Gizarte Zerbitzuak, Hiri Garbiketa Zerbitzua, Polloe, DonostiaTIK, Osasun Publikoa, Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua, Abegi Etxea eta Ondarretako udal aterpea.
Bestetik, hiriko hondartzak, parkeak eta pasealeku nagusiak itxi egin dituzte, herritarrei euren etxeetatik ez ateratzeko deia eginez, baina halabeharrez kalera irten behar direnentzat, berriz, Dbus autobus zerbitzua funtzionamenduan mantentzea erabaki du udalak, hainbat segurtasun neurrirekin: ibilgailuaren erdiko sarrera erabiltzea, soilik txartelarekin ordaintzea eta erabiltzaileen artean metro bateko gutxieneko distantzia mantentzea, besteak beste.
Zergak atzeratu dituzte
Tokiko Gobernu Batzordeak udalaren egutegi fiskala aldatzea onartu zuen asteartean, epe jakin bat duten udal zergen ordainketa irailaren 15era arte atzeratzeko. Eneko Goia alkateak azaldu zuenez, “erabaki honen bitartez, udalak ordainketen inguruan malgutasunez jokatu nahi du, koronabirusaren izurriteak eragin duen gizarte egoera kontuan hartuta”.
Erabaki honekin zenbait zerga handiren ordainketa atzeratuko da, hala nola ondasun higiezinena eta ibilgailuena, eta baita aldi batean ordaintzen diren tasena ere, esaterako, bertakoentzako TAO txartelarena. Era berean, udalak jakinarazi du aldizka ordaintzen diren gainerako tasak banan-banan aztertuko dituela hemendik aurrera behar diren erabakiak hartzeko.
Kontratazioak Ogasunaren esku
Koronabirusaren izurriari aurre egiteko neurrien artean, Tokiko Gobernu Batzordeak onartu zuen udal kontratazio guztiak Jaime Dominguez-Macaya Ogasun eta Finantzetako zinegotziaren esku uztea. Alkateak azaldu zuenez, erabaki horren atzean udalaren kontratazio mahaia funtzionamenduan mantentzeko ezintasuna dago, “horrek jendea biltzea dakarrelako”.
Hortaz, larrialdi egoerak iraun bitartean, udal kontratazio guztiak zinegotziak kudeatuko ditu, hauek urgentziazkoak izan edo ez. Honen helburua kontratazioak “azkartasunez eta segurtasunez” egiten jarraitzea dela zehaztu du alkateak. Bestetik, uneotan oraindik zabalik dauden udal lehiaketa publikoei dagokienez, Goiak adierazi du jarraitu beharreko bidea aztertzen ari direla, eta udalak gaia datozen egunetan jorratu beharko dutela azaldu du.
TAOa funtzionamenduan
Hiria larrialdi egoeran dagoen arren, udalak TAO sistema funtzionamenduan mantentzea erabaki du, hiriak bizi duen egoeraren lehentasuna pertsona eta ibilgailuen mugimendua “ahalik eta gehien murriztea” dela argudiatuz. Zentzu horretan, harturiko erabakia “koherentea” dela nabarmendu du alkateak.
Antza denez, neurriak zeresana eman du, udalak TAO zerbitzuari buruzko kontsultak egiteko hainbat dei jaso dituelako, baina Udal Gobernuak ez du atzerapausorik eman: “Udalak egoera aztertu du hiriko segurtasun arduradunekin [Udaltzaingoa eta Ertzaintza] eta Mugikortasun departamentuarekin, eta uste du beharrezkoa dela aparkalekuak kontrolatzen jarraitzea”.
Aparkalekuen kontrola autoz egiten ari dira, eta ez oinezko agenteekin, eta udalak jakinarazi duenez, arreta berezia jartzen ari dira TAO komertzialaren eta zamalanen guneei, oinarrizko hornidurentzako libre egon daitezela bermatzeko. Hala ere, alarma egoerak iraun bitartean, bertakoen bineta duten ibilgailu guztiek TAO komertzialaren guneetan aparkatu ahal izango dutela jakinarazi dute.