Hemengo zuhaitzen alde, baso naturalen alde
Munduko basoen eguna ospatuko da martxoaren 21ean eta Haritzaldek ozen esan nahi du hemengo zuhaitzak nahi ditugula. Baso naturalak, autoktonoak, geureak aldarrikatzen ditugu. LURGAIA Fundazioarekin bat, bide berria urratzen hasi gara Gipuzkoan. Lagunduko diguzue?
Bihar, martxoak 21, Basoen eguna da, eta Haritzalde Naturzaleen Elkarteak urtero ospatu ohi du hemengo zuhaitzak landatuz. Aurten Koronabirus delakoak zapuztu dizkigu azken landaketa herrikoiak, baina egoera behin normalduta, datorren abenduan aurreikusi ditugu hurrengo zuhaitz festak Amaran eta Txominen, eta ziur egon ez direla azkenak izango.
Hala ere, honezkero lau landaketa egin ditugu Añorgan eta Loiolako Erriberan. Belartzan, Errekatxulo errekastoa berreskuratu nahi dugu, eta badirudi Ur Agentzia, eta Donostiako Udala bat datozela gure egitasmoarekin. Hortaz, espero dugu artifizializatuta dagoen errekastoa laster lehengoratzea. Haritzaldek, bitartean, lanari ekin dio, eta Errekatxuloko ibar basoa berreskuratzeari ekin dio, ezkerraldean hemengo 260tik gora zuhaitz auzolanean landatuz: haltzak, lizarrak, haritzak, gereziondoak, sagarminak, makatzak, gorostiak, otsalizarrak…
Era berean, Loiolako Erriberan, Urumearen ezkerraldean ere, bi landaketa egingo dira: Erribertxo Kultur Elkartearen eskutik auzokideekin elkarlanean bata, eta La Salle ikastetxeko gazteekin bestea. Guztira 140 ale sartu ziren eta den-denak bertakoak. Lau urtetan aritu gara han, Haritzalde, besteak beste, Urumearen kanalizazioari aurre egiteko jaio zelako 1992an. Ibaiertz naturala behar zuen tokian harresia eraiki zen, eta sinbolikoki bada ere, ondoko berdeguneetako magaltxoa ibar baso bilakatu nahi izan dugu.
Hiriko zuhaitzak
Luza gintezke zuhaitzen balioez, dohainez eta bertuteez hitz eginda. Hiriko ekosisteman berdeguneekin batera bizitzarako oasiak dira. Klima larrialdira iritsi garen honetan, ezinbesteko bidelagun ditugu, eta horregatik, sutsu defendatu ohi ditugu. Hirian espezieari ez diogu hain zorrotz begiratzen, betiere oso inbaditzailea ez bada, edo toki ezegokian jartzen ez bada. Halere, ez dugu ulertzen zergatik hobesten diren kanpokoak hemengoen aurrean. Edonola ere, naturalagoak diren berdeguneetan tokiko arbolen alde egiten dugu eta hala jakinarazi diegu udal ordezkariei.
Egur industria landaketak eta gure basoak, naturalak
Gipuzkoan, oro har, ezaugarri naturalak direla medio, basoak dena bete behar luke. Hala izan zen mendeetan zehar giza jarduerak bazter guztiak soilduta utzi zuen arte. XX. mendean pinuaren sukarra etorri zen, eta harekin dirua. Baina horiek landaketa artifizialak ziren, industrialak. Espezie bakarraren alde egin zen toki askotan, paisaia pobre bezain monotonoa ekarriz. Helburua mendia betetzea zen, eta azken muturreraino aldatu ziren lerroz lerro. Eta azkenean, ezinbestean, gaixotasuna eta gainbehera etorri dira, baita azkar etorri ere, eta koronabirusa balitz bezala, di-da hedatu dira pinuen itsasoan. Ez dugu, antza, ikasi eta, eredu okerrari eutsi nahian edo, orain kriptomeria koniferoa eta eukaliptoa sartzeari ekin diogu. Gezurra badirudi ere, hain kaltegarria den eukaliptoa zabaltzen ari da. Bost axola suteak errazteagatik Portugalen debekatu izana eta Galizan mugatu izana, berdin dio zientzialari adituen batzarrak inbaditzailea dela ziurtatu izana, dirua, dirua da.
Baina, horiek ez dira geureak, ez dira basoak. Guk azken hauek ditugu jomuga. Hortaz, gure landaketetan inguruan hartutako hazitik etorritako bertako zuhaitz eta zuhaixka espezieak landatzen ditugu. Biodibertsitatea eta kontserbazioa ditugu helburu. Egurra eta papera behar dugula aitortzen dugu, eta batzuek bere lursailetan ustiaketa bultzatzea ez dugu gaizki ikusten, betiere balio naturalak eta denona den ondarea, lurra eta ura kasu, errespetatzen bada. Hori ez da gure bidea, ordea.
Haritzalde Lurgaia Fundazioarekin bat
Gure ildo beretik doaz Lurgaia Fundaziokoak, eta erabaki dugu haiekin batera joatea baso naturalak berreskuratzeko funtzio ekologiko guztiak bete ditzaten. Izan ere, basoak biodibertsitatearen babeslekuak dira, higadura saihesten dute, lurzoruko nutrienteen zikloa zaintzen dute, uren kalitatea eta tokiko mikroklima hobetzen dute eta CO2a xurgatzen dute. Gainera gure ondare natural eta kulturalen parte dira. Zoritxarrez, landaketa industrialek Gipuzkoan azalera gehiena hartzen dute, basoak urriak izanik eta zatikaturik egonik.
Lurgaia Fundaziotik, eta gu haiekin, lurraldearen zaintzaz arduratzen dira lurrak eskuratuz partikularren dohantzaz, sailak erosiz edota eskaintza akordioen bidez kudeaketaren ardura hartuz. Eremu horiek lehengoratzen saiatzen dira hemengo zuhaitz eta zuhaixkak auzolanean landatuz, baina ahalik eta esku hartze txikienaz baliatuz, naturari bere lana egiten utziz. Eta borobiltzeko, Fundazioaren estatutuek lursail horiek betiko babestea bermatzen dute. Landaketetarako boluntarioak behar dituzte, eta jakina, bazkideak. Honezkero Haritzalde haiekin da, animatuko al zara zu gurekin ala haiekin? Ea bada!
Animatu eta idatzi: gipuzkoa@lurgaia.org. Informazio guztia: www.lurgaia.org.