Isolamenduaren aurrean, zaintza eta elkartasuna
Erakunde publikoek koronabirusaren pandemiaren aurrean hartutako konfinamendu neurriek, modu berezian eragingo die pertsona nagusiei, arrisku taldeak osatzen dituztenei, zein zaintza lanak dituztenei; izan ere, horietako askok oinarrizko beharrak asebetetzeko zailtasunak izango dituzte. «Hartzen ari diren neurriei modu kolektiboan erantzun ahal izateko», zaintza sareak antolatzen ari dira hiriko hainbat auzotan.
Altzan, Parte Zaharrean, Igeldon, Amaran, Erdialdean, Añorgan, Egian, Grosen, Antiguan, Intxaurrondon, eta Amara Berrin, besteak beste, abian daude dagoeneko zaintza sareak. Helburu argia dute: erakunde publikoek koronabirusaren hedapenaren aurrean dekretatu duten konfinamenduaren ondorioz, egoera zaurgarrienean dauden pertsonei laguntza eskaintzea. Birusaren kutsatzea saihesteko neurriak erabat aldatu du herritarren bizitza, eta orain arte eguneroko lan sinpleak zirenak, konplexu bilakatu dira bat-batean: elikagaiak erostera ateratzea, botikak eskuratzea, nolabaiteko mendekotasuna duten inguruko pertsonak zaintzea, zaborra jaistea, eta abar. Zer esanik ez etxetik ateratzeko zailtasunak dituzten pertsonentzat, eta atera ezin dutenentzat. Horietako pertsona batzuk dira, esaterako, pertsona nagusiak, arrisku taldekoak direnak eta haurrak zaindu behar dituztenak.
Pertsona horiek oinarrizko beharrak asebetetzeko egungo egoeran izan ditzaketen oztopo eta arazoak ikusita, herritarrak antolatzen hasi dira, «modu kolektiboan» erantzuna emateko. Hiriko auzoetan sortu diren sare gehienen sortze prozesua antzekoa dela esan daiteke. Azken egunotan, taldeei forma ematen aritu dira gehienak, eta sarea osatu nahi duten boluntarioak elkartzen. Egian, esaterako, helbide elektroniko bat zabaldu zuten, laguntza eskaini nahi zuten pertsonek hara idatzi zezaten. Orain, 70 boluntario inguruk osatzen dute taldea, eta laguntza behar dutenentzat hiru telefono zenbaki zabaldu dituzte. Egian bezala, auzo gehienetan kontakturako telefonoak eta helbide elektronikoak jarri dituzte, laguntza behar duten pertsonentzat, baita laguntza eskaini nahi dutenentzat ere. Erreportaje honen amaieran bildu ditugu auzoetako sareen kontaktuak.
Herritarrek sortuak
Sare askoren lehen hazia herri mugimenduetako auzotarrek jarri dute, esaterako, Antiguan: «Auzoko gazte talde baten iniziatiba izan da, Txantxarreka gaztetxea eta herri mugimenduetako beste pertsona batzuekin batera, eta Euskal Herriko hamaika txokotan sortzen ari ziren beste taldeak eredu hartuta», azaldu du Beñat Lusarretak, Antiguako zaintza sareko kideak. Gerora, baina, beste auzotar asko ere gehitu direla azaldu du: «Ez dugu elkar ezagutzen, baina adin, izaera, jatorri eta egoera ezberdinetakoak garela ez dago dudarik». Gainerako auzoetan ere antzeko hazkunde prozesua bizi izan dutela azaldu dute sareetako partaideek.
Zaintza lanen aitortza
Zaintza sareek helburu praktikoak dituzte finean, baina horien atzean hausnarketa sakona dago. Oier Ibargurenek, Amarako zaintza sareko kideak, esaterako, kontatu du ideia «modu naturalean» atera zela hainbat auzotarren artean, eta uste du «mugimendu feministak zaintzak erdigunera ekartzeko egin duen lan eskergaren ondorioz» izan zela hori. Iritzi berekoa da Yovana Cabrera, Groseko Asanblada Feministako eta Groseko Auzo Zaintza taldeko kidea: baieztatu du sinistuta dagoela egoera zail honek ekarpen positiboak ekarriko dizkiola gizarteari. «Alde batetik, herritarrak kontzienteagoak izango gara pertsonek behar ditugun zaintza lanez, eta horiek duten garrantziaz», azaldu du. «Bestetik, nik uste dut egoera honek familia asko bultzatuko dituela eguneroko zaintza lanak berrantolatzera, eta etxeetan dauden rolak aldatzera», gaineratu du.
Cabrerak gogorarazi du gaur egun, «oraindik», emakumeak direla lan horietaz arduratzen direnak, eta espero du sortzen ari diren egoerek gai horren inguruko hausnarketa bultzatuko dutela. Ibargurenek baikor aurreikusten ditu krisiaren ondorioak: «Ikusiko dugu zein garapen duen honek guztiak, baina uste dugu zaintza eta bizitzak erdigunera ekartzeko beste pauso bat ematen ari garela».
Cabreraren iritziz, zaintza sareen sorrera herritarren beharren gainean erakunde publikoek izan duten «aurreikuspen faltaren» seinale da: «Badakigu inor ez zegoela horrelako egoera bati aurre egiteko prest, baina hartu dituzten prebentzio neurriez gain, uste dugu agintariek ezinbestean azaleratu diren herritar askoren beharren inguruko hausnarketa egin beharko luketela, eta ez dute horrelakorik egin». Lusarretaren ustez, herriak erakundeen gabezia bat identifikatu eta horri aurre egiteko baliabideak antolatu ditu.
Altzako zaintza sareko kidea da Garazi Castaño, eta goraipatu du herritarren antolakuntzarako gaitasuna: «Autogestioa, elkartasuna, auzolana, komunitatea, eta abar, gure herrian errotuak dauden praktika eta ideiak dira. Koronabirusaren krisiak ez du alde edo gauza onik, baina zorionez, herritarrak nahikoa ahaldunduak gaude herri gisa, komunitatean, gure beharrei erantzun eta antolatzeko». Horrelako egoeretan komunitatearen eta auzolanaren garrantzia nabarmendu du ere Lusarretak: «Honek guztiak Euskal Herrian auzolana bizirik dagoela ikusarazten digu, herri mugimendu sendo bat dagoela, komunitatearekin lotura duena eta arduraz jokatzen dakiena».
Segurtasun zorrotza
Zaintza sare bakoitzak bere auzoaren errealitatera moldatu du funtzionatzeko modua, baina, orokorrean, pauso berak jarraitzen ari dira guztiak. Parte Zaharrean, esaterako, telefonoaren ardura dauka sareko kide batek, eta pertsona horrek boluntarioen inguruko informazioa izaten du eskuragarri. Horrela, laguntza behar duen norbaitek deitzen duenean, pertsona horrengandik gertu bizi den boluntario batengana jotzen du. «Guretzat, lehentasuna da laguntza eskatzen duten pertsonen eta boluntarioen arteko harremanak zaintzea», azaldu du Parte Zaharreko zaintza sareko kide batek.
Hain zuzen, kontatu du protokolo bat osatu dutela, segurtasun neurri zorrotzekin, kutsadura saihesteko. Gainera, osasun arloko segurtasuna zaintzeaz gain, pertsonen intimitatea eta segurtasun pertsonala zaintzea «ezinbestekoa» dela uste dute Parte Zaharrekoek: «Esaterako, boluntario bat beharren bat duen norbaiten etxera joaten denean, atarira heldu aurretik telefonoz deitu behar dio, jakinarazteko hara doala, eta bera dela ate joka ari dena», gehitu du zaintza sarekoak. Antiguan, helburua da zerbitzu «ahalik eta gertukoena» eskaintzea, eta horretarako, sareko kideei laguntzeko prest daudela azaltzen duen orri bat ematen zaie, bete eta euren atarian jar dezaten, bizilagunak jakinaren gainean izateko. Hain zuzen, bizilagunen komunitate askotan, modu espontaneoan ere sortu dira horrelako iniziatibak, eta bizilagun askok oharrak jarri dituzte atarietan, laguntza eskaintzeko.
Egian ere protokolo zorrotza garatu dute, sarean parte hartzen duten pertsona guztien ongizatea bermatzeko, eta kutsaduraren aurrean arduratsu jokatzeko. Adibidez, laguntzaile gisa parte hartzeko lehen baldintza da honakoa: «Boluntarioak ezin du eduki inolako sintomarik (sukarra, ahulezia, buruko mina, eztula), eta ezin izan da egon COVID-19 duen edo birusa daukan norbaitekin egon izanagatik berrogeialdian dagoen inorekin. Arrisku taldeko pertsonak ere ezingo dira boluntario izan».
Bestalde, laguntza behar dutenen eta laguntzaileen arteko hartu-emana arautu dute protokolo horretan. Esaterako, boluntarioak eskularruak jantzi beharko ditu erosketak eta banaketa egiteko, eta horiek jantzi aurretik eta ondoren garbitu beharko ditu eskuak.
Ez daude bakarrik
Herritarren iniziatibaz sortutako sareek auzotarren parte hartzea eta koordinazioa dute oinarrian, baina sareetaz harago, beste hainbat herritarrekin eta agenterekin ere hasi dira hitz egiten hainbat auzotan. Parte Zaharrean, adibidez, Amarako zaintza sarearekin hasi dira elkarlanean, eta Erdialdea bi zonatan banatu dute, sare bakoitzak zati bat hartzeko: «Erdialdea oso auzo handia da, eta pertsona nagusi asko daude, horregatik, Askatasunaren hiribidetik Parte Zaharrera dagoen zatia gure gain hartu dugu», azaldu du Parte Zaharreko sareko kide batek. Halaber, protokoloak eratu eta segurtasun neurriak betetzen ari direla bermatzeko, osasun langileengana, farmazialariengana eta sindikatuetara jo dute hainbat auzotan.
Udalak ere interesa azaldu du donostiarrak martxan jartzen ari diren sareen inguruan, eta hainbat auzotako bizilagunek esan dute haiekin jarri direla harremanetan, «egitasmoaren berri izateko, eta laguntza eskaintzeko». «Gure jarduna modu koordinatuan, seguruan eta zentralizatuan egiteko proposamenak helarazi dizkigu udalak», jakinarazi du Cabrerak. Castañoren ustez, udalak bere eskura dituen baliabide guztiak jarri beharko lituzke herritarren mesedetara, «koronabirusa izan edo ez». Iritzi berekoa da Lusarreta: «Erakundeek baliabide guztiak jarri behar dituzte egoera honi aurre egiteko, baina ez dezagun ahaztu herritarrak ezinbestekoak izango garela eraginkorrak izan nahi badugu».
Auzotik auzoarentzat
Bizitzeko beharrezkoak diren lanetan laguntzeko xedea dute zaintza sareek, eta auzo bakoitzaren errealitatea desberdina bada ere, gehienek behar antzekoak identifikatu dituzte. Alde batetik, pertsona nagusiek jo dute haiengana, elikagaiak eta botikak erosteko laguntza behar dutelako, baita zaborra ateratzeko ere. Cabrerak azaldu du Grosen saltoki txiki askorekin hitz egin dutela egitasmoaren parte izateko, eta guztien jarrera «bikaina» izan dela kontatu du: «Multinazional handien itzalean geldituko dira saltoki txikiak, eta haiek ere kaltetuta aterako dira». Altzan, adibidez, erabaki dute erosketak eta enkarguak egitera mugatzea, «gutxika joateko» eta beharrei ondo erantzuteko.
Beste auzo gehienetan, honako kolektiboei ere laguntza eskaintzen ari dira: haurren zaintzan laguntza behar dutenei, indarkeria matxista pairatzen ari diren emakumeei, etxerik gabeko pertsonei, eta euren lan-postuetan irregulartasunak sufritzen ari diren langileei, besteak beste. Halaber, auzotarren arteko elkartasuna eta zaintza emozionalari ere garrantzia handia eman diote. Honela azaldu du Lusarretak: «Dinamika hauek guztiak hortara bideratuta daude, unean uneko behar bati erantzuteaz gain, elkar harremandu, saretu, komunitatea indartu eta beste gizarte eredu bat sortzen laguntzen baitute».
AUZOETAKO ZAINTZA SAREEN DATUAK
Parte Zaharra
- Helbide elektronikoa: pzzaintzasarea@riseup.net.
- Telefonoa: 617 75 48 39.
Igeldo
- Telefonoak: 688 62 07 71, eta 653 70 95 85.
- Helbide elektronikoa: herrikontseilua@igeldo.eus.
Amara eta Erdialdea
- Helbide elektronikoa: amarakozaintzasarea@gmail.com.
- Telefonoa: 634 54 72 76, eta 673 48 38 00.
Añorga
- Telefonoak: 628 94 72 62, eta 659 35 59 48.
Egia
- Helbide elektronikoa: egiazaintzasarea@gmail.com.
- Telefonoak: 655 71 93 32, 628 91 76 49 eta 696 66 40 93.
Gros
- Online galdetegia.
- Telefonoa: 680 44 02 82.
- Helbide elektronikoa: grosekoauzozaintza@gmail.com.
- Telegram kanala: @GrosAuzoZaintza.
- Instagram: @grosauzozaintza.
- Twitter: @grosauzozaintza.
Antigua
- Helbide elektronikoa: antiguazaintzasarea@gmail.com.
- Telefonoa: 630 44 17 73.
Intxaurrondo
- Helbide elektronikoa: zaintzaintxaurrondo@gmail.com.
- Telefonoa: 695 75 30 94.
Amara Berri
- Helbide elektronikoa: abzaintza@gmail.com.
- Telefonoa: 688 65 90 12.
Altza (Bidebieta, Herrera, Harria, Roteta-Santa Barbara, Jolastokieta, Larratxo eta Kaskoa)
- Telefonoak: 646 21 25 89, 664 17 89 93, 651 70 55 77, 695 71 21 22, 688 68 48 99, 666 58 39 72, eta 699 58 94 85.
Bidebieta
- Telefonoa: 688 76 40 95.
- Facebook: @auzokidebidebieta.
- Helbide elektronikoa: auzokidebidebieta@gmail.com.