Koronabirusa, egunerokoaren erdigunean
Alarma egoeran egotea ez da erraza, egun guztia etxean egotea edo lanera joateko soilik ateratzea ez baita inoren gustukoa. Irudi guztiz ezohikoak utzi ditu COVID-19 birusak, hala nola, maskararekin lan egiten duten dendariak, ikasgela hutsak eta kontzerturik gabeko aretoak.
Koronabirusak sortutako alarma egoerak osasungintzan du eragin agerikoena, osasun sistema publikoko langileak baitira gaixoak tratatzeaz arduratzen direnak eta birusarekiko esposizio handiena izan dezaketeenak. Irati Azpeitia Donostia Ospitaleko neurokirurgia plantako erizaina da, eta azaldu duenez, momentuz, zer gertatuko zain daude: “Nire plantan lasai gaude, ez dagoelako koronabirusa duen pazienterik, baina kutsatu kopuru gorena iristeko zain gaude, ikusteko nola jardun behar dugun”. Datozen asteetan euren eskuetatik birusa duen pazienteren bat pasako balitz, prest daudela eta formakuntza jaso dutela azpimarratu du Azpeitiak: “Jarraitu beharreko pausoak Osakidetzako Intranetaren bidez jaso dugu. Horretaz gain, gure plantako bi pertsona infekzio plantako batekin joan ginen protokoloa ikastera, ondoren guk gainontzeko lankideei erakusteko”.
Era berean, lanean ari diren bitartean maskara eta eskularruak eraman behar dituztela adierazi du, baita euren laneko ordenagailua txanda bakoitzaren aurretik eta ondoren desinfektatu ere. Hori ez da Osakidetzak hartu duen neurri bakarra, oporrak ere bertan behera utzi baitizkiete momentuz: “Mezu bat bidali ziguten esanez momentuz oporrak eta eskatuta genituen egun libreak bertan behera gelditzen zirela, kontrakoa esan arte. Horren aurrean, ez da erreakzio txarrik egon, guk badakigu hor egon behar dugula une honetan, eta kito”.
Bestalde, gauero osasungintza publikoko langileentzat herritarrak balkoietatik egiten ari diren txaloak “eskertzekoak” direla nabarmendu du Azpeitiak: “Egoera berezi honetan, denok eskertzen dugu osasun sistema publikoa izatea, baina hor gaude egunero. Horregatik, kontuan izan behar dugu zein garrantzitsua den hori babestea, eta pribatizazioak izan direla salatu behar dugu”.
Osasungintzako beste arlo batzuetan ere eragina izaten ari da koronabirusa, hala nola, psikiatrian. Hori da Xabier Lertxundi Donostia-Ondarreta Osasun Mentaleko Zentroko Psikiatriako buruaren kasua, izan ere, telefonoz egiten ari da kontsulta gehienak, eta haren paziente batzuk egoera honen aurrean bereziki hauskorrak izan daitezkeela nabarmendu du.
Pazienteak ez ezik, egoera ezohiko honek herritarren osasun mental eta emozionalean ere eragina izango duela uste du medikuak: “Antsietate egoera bati aurre egitea ez da batere erraza, bai birusaren beldur zuzenagatik, baita honek suposatzen dituen murrizketengatik ere”. Hala ere, alde positiboa ikusi nahi du Lertxundik, eta egoera honek zerbaitetarako balio izatea espero du: “Honek berriz finkatu beharko lituzke gure baloreak eta beharrak, eta hori, azkenean, positiboa izan daiteke gizartearentzat”.
Saltokietan ere ezohiko egoera
Izuak jendea medikuarengana joatea eragin du, baina baita farmazietara ere. Maddi Lujanbiok Txomiñeneko farmazian lan egiten du, eta lan mordoa izaten ari direla aitortu du. Dei telefonikoak ere asko dira, eta denek gauza berberengatik galdetzen dute: maskarak, alkohola, eskularruak, termometroak, parazetamola, eta abar. Dena bukatzen ari da.
Horren aurrean, neurriak hartu behar izan dituzte langileek. Hamahiru orduz egoten da irekita farmazia, eta eguerdi eta gauetan jende gutxiago doanez, itxi egiten dute orain. Era berean, arreta leihatilatik egiten saiatzen direla azaldu du Lujanbiok, baita pertsonen arteko segurtasun distantzia mantentzen ere: “Jende asko baldin badago, mesedez eskatzen diegu kanpoan itxaroteko”. Horretaz gain, maskara eta eskularruak dituzte lan egiteko, eta mostradorea ere desinfektatzen dute.
Lujanbioren arabera, farmazia guztiak berdin dabiltza: “Eromena da, mundu guztia gauza berberen bila sartzen da. Duela bi aste bukatu ziren gel hidroalkoholikoak eta egunean 40 aldiz galdetzen digute ea baditugun”.
Intxaurrondoko Mons okindegian ez dituzte sendagaiak eta maskarak saltzen, janaria baizik, baina farmazien antzeko egoeran daude. Iban Ezkurdia dendako langileak azaldu duenez, zerbitzua indartu behar izan dute: “Normalean, nire nagusia goizez egoten da, eta ni arratsaldez, baina aste hauetan zehar, goizez soilik irekiko dugu, eta biok egingo dugu lan”. Era berean, maskara eta eskularruak jarrita lan egitea erabaki dute, “gaixotasuna izanez gero, nahigabe ez transmititzeko”.
Irudi bitxia aurkezten du dendak goizero, bezeroek euren artean metro eta erdiko distantzia utzita egiten baitute ilara denda kanpoan: “Erabaki dugu asko jota bi bezero sartu daitezkeela aldi berean dendara, eta gainontzekoek kanpoan itxoiten dute”. Denda txikia bada ere, “ia bikoitza” saltzen ari direla adierazi du, baina printzipioz ez dute arazorik izango hornikuntzarekin. Bezero batzuk «urduri» jartzen badira ere, orokorrean, jendearen jarrera ona izaten ari dela azpimarratu du Ezkurdiak: “Modu obsesiboan gabiltza, Monk izango bagina bezala [telesail bateko pertsonaia, maniaz jositako detektibea], baina behintzat jendeak dezente errespetatzen gaitu”.
Eragin berezia hezkuntzan
Martxoaren 12an erabaki zuten eskola, unibertsitate eta irakaskuntza zentro guztiak ixtea. Ikasgeletan ez dago ikaslerik, eta ikastoletako jolastokietan ez dago jolasik. Irakasle eta zuzendari batzuek, ordea, lanera joaten jarraitu behar dute, egoera kudeatzeko. Maria Eugenia Lozano Lauaizeta ikastetxeko zuzendaria da horietako bat, baina azaldu du ikasturtearekin jarraitzeko teknologiaz baliatzen ari direla: “Lan guztia Internet bidez egin behar dugu. Horretarako, genuen material guztia berregin behar dugu, ziurtatzeko ikasleek lan egiten dutela, eta guk lan horiek jasotzen ditugula”.
Ikasleek etxean egindako lanen ebaluazioa gurasoei bidaliko diete astean behin edo bitan, jakin dezaten haien seme-alabak nolako lanak egiten ari diren etxean dauden bitartean: “Lanak egun batetik bestera bidaliko ditugu, eta egunero edukiko dute egiteko zerbait”, adierazi du Lozanok.
Idoia Lujanbio haur hezkuntzako irakaslea da. Ikastetxeak itxi dituztenez, etxetik ari da lanean, baina ohi baino lan gehiago egin behar du egunotan. Izan ere, 7 eta 10 urteko bi seme ditu, eta hauek ere etxetik egin behar dituzte eskolan egin ezin dituzten lanak. “Osasun alerta ezarri zutenetik, irakasle, langile eta etxeko langile bihurtu gara senarra eta biok”, adierazi du Lujanbiok.
“Zorionez”, biek etxetik lan egiteko aukera izan dutela diote, baina halere, etxe barruan lan egitea, bi semeei etxetik egin behar dituzten lanak egiten laguntzea eta zaintza lana egitea karga handia dela kontatu dute: “Ezer gutxi egin dezaket haurrei etxekolanak egiten laguntzen diedan bitartean. Lan asko da. Eta, gainera, denontzako janaria prestatu behar dugu”.
Alde onari ere erreparatu nahi dio Lujanbiok: “Horrelako egoera batek familia elkartzen du, eta askotan egiten ez ditugun gauza horiek egiteko denbora daukagu orain, umeekin jolastea, esaterako”.
Gainera, kontzientzia kolektiboa pizteko eta elkartasuna sentitzeko balio duela uste du: “Polita da ikustea bizilagunek atarian oharrak idatzi dituztela laguntza eskaintzeko. Eta arratsaldean jendea balkoietara ateratzen denean eta txaloak entzuten direnean animatu egiten gara”.
Kultur ekitaldirik ez
Kolpe handia jaso du kulturak krisi honekin. Sortzaile ugarik bertan behera utzi behar izan dituzte euren kontzertu eta emanaldiak, artisten eta ikus-entzuleen osasunaren hobe beharrez.
Liher musika talde donostiarrak Hemen herensugeak daude diskoa kaleratu zuen martxoan, eta prest zegoen hura Euskal Herriko eta Espainiako aretoetan aurkezteko. Aurretik, Europatik bira txiki bat egin behar zuten, beroketa gisa, baina sei kontzertutatik lau baino ez dituzte egin. Lide Hernando taldeko abeslariak azaldu du ezin izango dutela diskoa nahi duten moduan aurkeztu: “Koronabirusak uzten digun momentuan hasiko gara jotzen, eta ez guk planeatu genuen moduan. Ilusio handia egiten zigun Euskal Herriko bira etxean hasteak”.
Eragin ekonomikoa ere izango du egoera honek musikariengan: “Pentsa urtebete baino gehiagoz lortutako dirua disko batean inbertitu dugula. Musika pasioa da, baina proiektu bat aurrera eramaten ari gara, eta horretarako dirua behar da”.
Kulturgileak ez dira arlo horretako kaltetu bakarrak, programatzaileak ere ez baitira egoera erraz bat bizitzen ari. Dokako arduraduna da Mikel Roman, eta esan du itxi behar izateak “min handia” egiten diela areto eta tabernei. Bi aste hauetako kontzertuak bertan behera utzi dituzte eta taberna itxi egin dute, baina lanean jarraitzen dutela nabarmendu du Romanek: “Bertan behera gelditu diren kontzertuei data berriak bilatu eta jarraitzaileei horien berri eman behar diegu”.
Kasu guztiak batzen direnean
Batzuetan, aurretik aipatutako hainbat kasu pertsona bakar batean elkartzen dira. Hori gertatzen zaio Ane Urrutikoetxea Gaztezulo aldizkariko kazetariari. Bere lanean ere eragina izan du egoera honek, baina ondo darama kazetari lana etxetik egin behar izatea: “Zorionez, Interneta daukagu. Kazetarioi lana asko errazten digu, eta telefonoa eta Internet edukita, momentuz ez daukagu arazo handirik. Hori bai, ez dakigu zer gertatuko den aldizkariaren banaketarekin”.
Kulturgile gisa ere kalteak nabaritu ditu, Donostiako Orfeoian abesten baitu: “Martxoko eta apirileko kontzertu guztiak bertan behera gelditu dira, eta hori oso txarra da guretzat, orfeoia kontzertu eta ekimenetatik bizi baita, batez ere”.
Hala ere, egun hauetan bizi duen egoera ezohikoenetako bat joan den asteburuan izan zen, bere lagun baten ezkontzara joan zenean: “Bete-betean harrapatu zuen kontu honek, ezkontza bertan behera uzteko denborarik gabe ere. 100 gonbidatutik gora ziren berez, eta azkenean 50 inguru joan ziren soilik. Udaletxean beraiek eta euren gurasoak baino ezin ziren egon”. Eguraldi ona egin zuenez, kanpoaldean zeremonia moduko bat egin zutela azaldu du: “Dena oso inprobisatua izan zen, eta horrelako gauzek ere badaukate xarma, ezta?. Era berean, lagunari esaten genion, ‘lasai, hau historikoa da, eta zure ezkontza guztiok gogoratuko dugu beti!’”.