Koronabirusaren aurkako prozeduraren ertzak: "ahazturiko herritarrak"
Herritarren arteko kutsatzeak saihesteko asmoz, erakunde publikoek pisuzko neurri ugari hartu behar izan dituzte egun batetik bestera: berrogeialdia, kaletik dabiltzanentzako isunak, zerbitzuen etetea... Neurri hauek, baina, hainbat kolektiboren egoera behar den modura kontuan hartu gabe ezarri direla salatu dute hiriko zenbait eragilek.

Izurriaren lehen egunetik, COVID-19 birusaren hedapena saihesteko oinarrizko neurria herritarrak etxean gelditzea dela errepikatu dute mundu osoko erakundeek. Prozedura horrek, baina, argitu beharreko hainbat galdera planteatzen ditu: Zer gertatzen da etxerik ez duten pertsonekin? Nola egingo diote aurre berrogeialdiari haien erasotzailearekin batera konfinatuta dauden emakumeek eta haurrek? Zein zentzu dauka etxean berrogeialdia egiteak gero lanpostura joatera eta beste pertsonekin harremanetan egotera behartzen bazaituzte? Eta, nola eragin diezaieke horrek besteen etxeetan lan egiten duten langileei?
Egoera berria eta konplexua da, eta izurriaren lehen egunotan erakundeek ezarri dituzten neurriek hutsuneak izan dituzte. Hain zuzen, harturiko erabakietan gizarteko hainbat kolektibo “ahaztu” egin direla salatu dute hiriko zenbait eragilek, dagoeneko martxan dagoen prozeduraren ertzak lehenbailehen biribiltzeko beharra azpimarratuz.
Baliabide eskasia etxegabeentzat
Berrogeialdiaren neurria plazaratu zen unetik, kalean bizi diren pertsonekin lan egiten duten Harrera Sareak eta Modahara taldeak etxegabeentzako zerbitzu eta baliabide eskasia salatu zuten. Bada, geroztik udalak kale egoeran dauden pertsonekiko hartu dituen neurriak “berandu eta poliki” etorri direla nabarmendu du Itxaso Agirrek, Harrera Sareko kideak: ”Koronabirusaren aurkako prozedura soilik egoera ‘normalean’ dagoen jendearentzako antolatu zuten, kalean daudenak ahaztuz, eta protesta egin genuen arte ez zuten neurririk hartu”.
Harrera Sareak salatu du kalean dauden pertsonentzako lehen aterpea asteartean ireki zutela. Egun horretan, udalak gaueko aterpea ixteko agindua eman zuen, eraikinak ez zituelako egungo egoeran behar diren distantzia eta isolamendu baldintzak betetzen, eta hor zeuden pertsonak kanporatu edo lekualdatu egin zituen: txandakako plaza bat zutenak kalera bueltatu behar izan zuten, eta epe baterako zeudenak, berriz, Abegi Etxera eta Ondarretako udal aterpera mugitu zituzten asteartean bertan. Azken horretara, Ondarretako aterpera, kale egoeran zeuden 40 pertsona sartu dira aste honetan, baina hirian bizi diren etxegabeen kopurua ehundik gorakoa dela nabarmendu du Agirrek.
Pertsona horientzat irtenbide bat proposatze aldera, udalak Atano pilotalekua eskaini du, beste 80 oherekin, baina keinua positibotzat jo duen arren, Harrera Sareko kideak talde murriztuentzako espazioen beharra azpimarratu du: “Uste dugu horrenbeste jende elkarrekin edukitzea ez dela egokiena, eta neurria nolabaiteko petatxu bat dela iruditzen zaigu. Petatxu nahiko arriskutsu bat, hain zuzen”.
Baliabide eskasia horregatik galdetuta, Agirrek argi eta zuzen hitz egin du: “Pertsona etxegabeak ahazturiko kolektibo bat dira. Ez dituzte herritar gisa tratatzen, ez baitituzte neurri orokorretan ere kontuan hartzen. Goikoentzat ez dira existitzen, eta birusaren arazoa pasatakoan ere horrek horrela izaten jarraituko du”.
Arriskua etxean dutenak
Konfinamendu egoeran etxeko hormen artean gerta daitekeenak kezka berezia sortu du mugimendu feministako kideen artean. Izan ere, berrogeialdiarekin, euren erasotzailearekin batera bizi diren emakume eta haurrek duten arriskua areagotu egiten dela uste du Ana Txurrukak, mugimendu feministako kideak: “Emakumeok diogu guretzat familia eta espazio pribatuak ez direla inoiz gune seguruak izan, eta, horregatik, halako konfinamendu egoera batek kezka handia sortzen digu, indarkeria kasuak areagotu egin daitezkeelako”.
Hori dela eta, mugimendu feministak berrogeialdiak dakarren arazo horren inguruko hausnarketa sustatu nahi du, oraindik behar den moduan kontuan hartu ez den zerbait dela uste duelako: ”Ez dut uste neurriak erabakitzerako orduan indarkeria jasaten duten emakumeak oso kontuan izan dituztenik”.
Egoera honetan, indarkeria matxistarena arazo sozial eta estruktural bat dela ulertu beharra dagoela pentsatzen du Txurrukak, eta horren aurkako neurriak hartzea guztiei dagokiela adierazi du: “Erakundeek euren zerbitzu eta baliabideak ahal bezain eskuragarri jarri beharko lituzkete, baina garrantzitsua da herritarrek ere haien zaintza sareak antolatzea, inguruko bizilagunen presentzia bermatua egon dadin”.
Etxetik lanera, eta buelta
Berrogeialdiaren helburua herritarrak etxean mantenduz kutsatzeak saihestea bada ere, astelehenean milaka pertsonak kalera atera behar izan zuten euren betiko lanpostuetara joateko. Donostian, zerbitzuen arloan lan egiten duten langile askok astean zehar euren ohiko jarduna mantendu dutela azaldu du Edurne Iriondok, ELA sindikatuko eskualdeko arduradunak, kutsatze arrisku betean egon direla azpimarratuz: “Enpresak oso berandu mugitu dira egun hauetan lanera joan behar izan duten langileen osasuna babesteko neurriekin”. Adibidez, etxez etxeko lanak egiten dituzten hainbat langileri oinarrizko segurtasun baliabideak falta izan zaizkiela jakinarazi du Iriondok, eta garbitzaile eta zahar egoitzetako langile askori berdina gertatu zaiela zehaztu du.
Era berean, ELAko arduradunak nabarmendu du hiriko enpresa asko dagoeneko enplegua erregulatzeko txostenak prestatzen ari direla, eta horrekin langileek “eragin gogor eta gordinak” jasango dituztela ondorioztatu du.