Sebastian, izurriteen kontrako santua
Koronabirusaren pandemia da orain elkarrizketa gai nagusia eta bakarra. Denok kaltetzen gaitu, gehiago ala gutxiago, eta ez digu etxetik ateratzen uzten. Baina gure hiriak okerragoak ere bizi izan ditu. XVI. mendean izurrite beltza sufritu behar izan zuten donostiarrek.
Pasaiako portutik sartuta, eta inolako zaratarik egin gabe, 1597. urtean Donostiara izurrite beltza iritsi zen. Garai hartan 6.000 biztanle zituen hiriak, eta haietatik 1.000 pertsona inguru hil zituen izurri honek.
Ordurako historian zehar izurrite asko pairatu zituen hiriak, baina, esaten dutenez, hura izan zen basatiena. Gainera, oso gaitz kutsakorra izan zen.
Itsasontzietan egoten ziren arratoiek arkakusoak izaten zituztenez, zomorro horiek itsasgizonei kosk egiten zieten, eta horrela hedatu zen horren azkar epidemia.
Pentsamolde kristauak indar handia zuen, eta, beraz, herritarrek pentsatu zuten gaitza Jainkoaren zigorretako bat izango zela.
Horren aurrean, Antiguako San Sebastian elizara babes eske jotzea erabaki zuten, San Sebastian eta San Roke baitziren izurriteei aurre egiteko santuak. Prozesioak egiten ziren Kontxako hondartzan barrena, gaitza lehenbailehen pasa zedin.
Alferrik izan bazen ere, izurria hiriko harresietan barrena sartu baino lehen, neurri gogorrak hartu zituzten hura ez iristeko. Kutsatutako portuetatik zetozenak, Santa Klara uhartean konfinatuak –azken egunotan horrenbeste entzun den hitza– izatera behartzen zituzten.
2020. urtean gaude, eta COVID-19 birusak mundua geldiarazi du. Hauen izaera ezin da konparatu ere egin, baina bi egoeretan antzekotasunak eta desberdintasunak ikus daitezke.
Pandemia hau kutsakorra da baita ere, eta geldiarazteko neurriak hartzea beharrezkoa da. Gaur egun etxean geratzea eta eskuak garbitzea nahikoa omen da, baina agian garai horretan horrek ez zuen askorako balioko.
Izurrite beltzak gosetea ekarri zuen Donostiara. Aste hauetan supermerkatuetan jende asko haragia eta komuneko paper mordoa eramaten ari den arren, argi utzi dute erakunde publikoek eta supermerkatu kateek janaria soberan dagoela.
Vatikano hirian eta beste hainbat elizetan ere Jainkoari eskean ari dira, izurrite hau geldiarazi dezan. Aurten, baina, koronavirusaren ondorioz Aste Santuko desfile ugari bertan behera geratuko dira. Behintzat, Vatikanokoa, streaming bidez jarraitu ahalko dute fededunek.