Udalinfon herritarren 400 bat dei jasotzen ari dira egunero
Azken astean zehar, Udalinfo herritarren arretarako zerbitzuak eguneko 400 dei jaso ditu batez beste, koronabirusak eragindako alerta egoera dela eta. Bulegoa jendearentzat itxita dagoen arren, zerbitzuak herritarrei telefonoz erantzuten jarraitzen die 010 zenbakiaren bidez.
Udalak jakinarazi duenez, herritarren dei gehienak larrialdi egoerari buruz galdetzeko dira, batik bat, herritarrek bete behar dituzten arauak ezagutzeko. Kopuru handiena astelehenean erregistratu zuten, 745 deirekin, eta eguneroko dei bolumena oso altua izan den arren, zerbitzuak gainezka egin gabe funtzionatu du orain arte. Izan ere, batez beste, deien itxarote denbora ez da 30 segundotik gorakoa izaten.
Ohiko gaiei buruzko informazioa errazago eskuratzeko, udalak herritarren ohiko galderak eta erantzunak jasotzen dituen atala prestatu du bere webgunean. Hala eta guztiz ere Udalinforekin telefonoz hitz egin nahi dutenentzat, 010 zenbakira deitu dezakete, astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 19:00etara. Asteburutan, berriz, 092 zenbakira deitu dezakete.