Illunbeko zezentokia eta kalezuloaren egokitzapena egiteko adjudikazio prozesua abian jarri dute
Illunbeko zezentokia eta kalezuloaren egokitzapena egiteko proiektua lehiaketara atera du Donostia Kirolak. Erakundearen asmoa da “balio anitzeko espazio bat” sortzea, han kirol eta kultur txapelketa gehiago egin ahal izateko. Instalazioa errentagarri egiteko, gaur egungo azpiegitura aprobetxatu nahi dute, eta moldaketek aukera emango dute kirol diziplina gehiago (eskubaloia, areto futbola, saskibaloia, eta tenisa, besteak beste) eta kultur jarduerak egiteko.
Orotara, 333.110,87 euroko aurrekontua izango du adjudikazioak, eta proiektuak aurkezteko azken eguna izango da martxoaren 31. Proiektua gauzatzeko epea 90 egunekoa izango da baldintza-agirien arabera, baina koronabirusa dela eta ezarritako alarma egoerak epe horiek aldatu ditzake.
Noticias de Gipuzkoa hedabideak zabaldu duenez, Donostiako Udalak azaldu du egokitzapenak “aldakorrak” izango direla, zezenketak “berme osoz” egin ahal izateko. Halaber, proiektuaren justifikazioan Donostia Kirolak zehaztu du jakitun direla urtean zehar egiten diren zezenketak “urriak” direla, eta horregatik, instalazioa optimizatzea da helburua. Zehazki, zezentokia kenduko dute, eta hormigoizko hormaren zati bat eta hesia botako dituzte, torilera sarbidea errazteko. Halaber, oraingoaren antzekoa den hesi bat eraikiko dute, baina berria erraz desmuntatu ahalko da; udalaren ustez, horrek aukera emango du zezenketak, eta kirol eta kultur jarduerak egokitzapen handirik gabe egin ahal izatea.
Adjudikazio prozesuan dagoen proiektuak ez du barnebiltzen edukieraren eta harmailen inguruko aldaketarik, ezta estalki erretraktilari dagokionik ere. Hala ere, udala egokitzapen horien inguruko proiektuak lantzen ari da gaur egun.