Konfinamenduari aurre egiteko gomendioak, marinel baten eskutik
Martxoaren 14an Espainiako Gobernuak estatu osoan alarma egoera ezarri zuenetik, euren etxeetan konfinatuta daude herritarrak, eta lanera joateko, zakurra ateratzeko edo erosketak egiteko soilik atera daitezke kalera.
Egoera honek, gutxienez, apirilaren 12ra arte iraungo du, eta ez da inorentzat erraza, gehienentzat euren bizitzako lehenengo konfinamendua baita. Badaude, ordea, aurretik horrelako egoeretan egon diren pertsonak, hala nola, marinelak. Izan ere, itsasora ateratzen direnean, denbora tarte luzeak pasatzen dituzte itsasontzitik atera gabe, euren lankideen konpainiarekin baino ez. Hain zuzen, marinel batek, Twitter sare sozialeko @angabantxo erabiltzaileak, aipatu sare sozialean egindako hari bat izugarri zabaldu da, konfinamenduari aurre egiteko hainbat gomendio eman dituelako, bere esperientziatik. Era berean, marinelak azpimarratu du asperdurari aurre egiteko gomendioak baino ez dituela eman, arazo serioagoak izanez gero, psikologo batengana jo behar dela argi utziz. IRUTXULOKO HITZAk gomendio horiek euskaratu ditu, herritarrentzat erabilgarriak izango direlakoan.
Hasteko, burua okupatuta mantentzearen garrantzia nabarmendu du marinelak: “Itsasoan, okerrena lanik ez daukagunean dator. Zerbait egiten ari zaren bitartean, buruak ez ditu bihurrikeriak egiten”. Horregatik, burua okupatuta izateko hainbat gauza egin daitezkeela gogoratu du txiolariak: “Kirola izan daiteke, irakurri, ikasi, hilabete tantaka daraman etxeko txorrota hori konpondu, eta abar”. Horren harira, pantailen aurrean ematen dugun denbora mugatzea ere gomendatu du, entretenimendu erraza baita, baina gehiegi erabiltzean isolatu egiten du.
Konfinatuta egon arren, ez isolatzearen garrantzia ere azpimarratu du marinelak: “Itsasoan gaudenean, ezinbestekoa da etxera deitzea, eta dei horiek ezinbestekoak dira, baita ere, etxean dauden pertsonentzat”. Horregatik, ingurukoekin egunero harremana izatea funtsezkoa dela azaldu du txiolariak: “Telefonoz, Internet bidez edo ke seinaleen bidez, baina hitz egin egunero ingurukoekin”. Era berean, konfinamendua bakarrik pasatzen ari ez direnentzat, etxekoak babesteko eta euren babesa bilatzeko gomendioa zabaldu du.
Etxean bikotekidearekin egonez gero, hura ezagutzeko une aproposa dela adierazi du marinelak: “Beste pertsona batzuekin isolatuta zaudenean, euren konfort zonaldetik kanpo ezagutzen dituzu. Tristea da, baina lankide batzuk nire familiako batzuk baino hobeto ezagutzen ditut”. Bestalde, elkarbizitzan arazoak sortzea oso ohikoa dela aitortu du txiolariak, eta esan du ez direla arazo horiek ekidin behar, hitz eginez irtenbide bat bilatu behar zaiela baizik. Arazoak larriagoak badira, konfinamendua pasatzean laguntza eskatzeko gomendatu du.
Konfinamendu egoeretan, jende askok higienea alde batera uzten duela azaldu du marinelak, eta nabarmendu du garrantzitsua dela egunero dutxatzea, utzikeriak eragin negatiboak izan baititzake. Utzikeriari lotuta, pantailekin gertatzen den moduan, alkoholaren, beste drogen eta janariaren kontsumoa areagotzea oso erraza dela azpimarratu du txiolariak, eta garrantzitsua dela normalean egiten den kontsumoa baino gehiago ez egitea: “Ez da ezer gertatzen noizean behin garagardo bat edateagatik, baina ez zaitez alkoholean errefuxiatu”.
Lo ordu kopuruarekin ere antzeko gomendioa eman du marinelak: “Betiko ordu kopurua egin lo. Normalean ez baduzu siestarik egiten, ez egin orain. Gorputza ordu kopuru jakin batera ohitzen da, eta gero ez da erraza errutina horretatik ateratzea”. Horren harira, egunak planifikatzea eta errutina bat mantentzea ere garrantzitsua dela azaldu du.
Inguruko bizilagunak ez molestatzeko ere eskatu du marinelak, konfinamendua denontzat ahalik eta eramangarria izateko. Horren harira, anekdota bat kontatu du, ironiaz: “Nire ondoan lo egiten zuen lankide batek, eguneko Pink Floyd oso bolumen altuan jartzen zuen, ezin nuen pentsatu ere egin hori gertatzen zenean. Gau batean, lankidea guardia egiten ari zenean, ura erori zen bere musika aparatuaren gainean. Ez genuen inoiz jakin nondik etorri zen ur hori, baina, ordutik, askoz motzagoa egin zitzaidan denboraldi hori”.
Bestalde, datak ez jartzeko ere gomendatu du, hau da, konfinamendua uste baino beranduago bukatuko dela pentsatu. Izan ere, marinelaren arabera, konfinamendua egun jakin batean bukatuko dela aurreikusiz gero, beranduago bukatzen bada tarteko egun horiek “infernu bat” dira. Aurreikusitakoa baino lehenago bukatzen bada, ordea, egun horiek “opari bat” dira.
Oro har, konfinamendua bukatu egingo dela gogoratu du marinelak, eta aldatu ezin den zerbaiten den heinean, esperientzia horretatik gauza positiboak ateratzen ahalegintzeko gomendatu du.