Aurtengo Gipuzkoako batel liga bukatutzat eman dute, Donostiarraren garaipenarekin
Donostiarra garailea izan da gizonezko eta emakumezkoen kategorietan. Gipuzkoako txapelketaren ospakizuna oraindik airean dago.

Gipuzkoako Arraun Federazioak (GAF) ohar bat zabaldu du, koronabirusaren alarma eta foninamendu egoeraren aurrean hartutako salbuespenezko neurriak jakinarazteko. 2019-2020 batel ligako azken estropadak bertan behera utzi dituzte, eta lehiaketa amaitutzat ematea erabaki dute. Behin betikotzat joko dira martxoak 8a arte lortutako puntuak, eta sailkapeneko lehenak sarituko dituzte. Lehenengo, bigarren eta hirugarren sailkatuei dagozkien banderak eta dominak emango dizkiete, oraindik zehaztu gabe dagoen egunean.
Hortaz, Donostiarra taldea senior kategorietan garaile izan da. Igor Makazagaren gizonezkoen taldeak liga irabazi du berriro ere, 32 punturekin, eta Maialen Arrazolak gidatutako emakumezkoen taldeak lehen aldiz lortu du titulua, 28rekin. Mutilen ligan bigarrena Illunbe izan da (23), eta ondoren Orio eta San Juan (21). Nesketan, aldiz, San Juan eta Donostiarra B (18) garaitu ditu Arrazolaren taldeak.
Gipuzkoako txapelketari dagokionez, Pasai Donibanen apirilaren 4rako eta 5erako aurreikusita zeuden estropadak atzeratzea erabaki dute, kontuan hartuta konfinamenduak gutxienez apirilaren 12a arte iraungo duela. Ospatzekotan, data aurrerago zehazten saiatuko direla aipatu du federazioak.