Donostiako aire kalitatea hobetu egin da konfinamendu egoeraren ondorioz
Alarma egoerak eragindako mugimendu murrizketek ondorio zuzena izan dute hiriko aire kalitatean. Udalaren datuen arabera, ibilgailuen trafikoaren beherakadak, zenbait saltoki eta industria-jardueren itxierak, eta lan batzuen geldiarazteak aire kutsatzaile kontzentrazioa %33 eta %57 artean murriztu egin dituzte.
Egoerak irauten duen bitartean hiriko aire kalitatearen jarraipena egin nahi du udalak, alderatzeko murrizketa neurriak indarrean jarri aurretik eta ondoren nolako bilakaera izango duen. Lehen alderaketa martxoaren 10an eta 17an neurtutako mailen artean egin dute, baldintza metereologiko antzekoak egon zirelako bi egunetan (prezipitazioa, haizearen abiadura eta norabidea). Hala ere, aipatu dute bi egun soilik alderatuta ezin dela ondorio adierazgarririk atera.
Ibilgailuen trafikoan nagusi den nitrogeno dioxidoa (NO2) ia erdira jeitsi da leku ia guztietan azterketaren arabera, eta are gehiago erdialdean. Giza jarduerak, jarduera industrialak, obrek eta etxeko berogailuek sortutako partikuletan ere beherakada handia somatu da.