Elkarrekin Donostia taldeak etxez etxeko laguntza eta langileen babes neurriak indartzea eskatu du
Elkarrekin Donostia (Podemos, Ezker Anitza-IU eta Equo Berdeak alderdiek osatutako koalizioa) udal taldeko zinegotziek, koronabirusak eragindako osasun krisiaren harira, udal gobernuari dei egin diote. Eskatu dute laguntza behar duten adineko pertsonak eta mendekotasun aitorturen bat duten pertsona guztiak zaindu daitezen, etxez etxeko laguntza zerbitzua indartu eta areagotuz, beharrezkoa balitz. Egoera zaurgarrian dauden pertsona ororen zaintza ziurtatzea eskatu dute.
65 urtetik gorako pertsonentzat eta mendekotasun edo desgaitasun aitorturen bat dutenentzat salbuespenezko egoeraren aurrean “beharrezko izan dezaketen edozein laguntza” baloratzeko galdegin diote udalari, eta beharrek hala eskatuko balute, etxez etxeko laguntza zerbitzua indartzea.
Beharrezkoa ikusten dute zaintza plan publiko bat abian jartzea. Horretarako dauden trensak indartzea eta berriak sortzea ezinbestekotzat jo dute, sare komunitarioak edo boluntarioak koordinatuz eta langile eta boluntarioen segurtasuna bermatuz.
Horrez gain, gogorarazi dute udalari “behin eta berriz” eskatu diotela langileei banakako babes ekipoak bermatu behar zaizkiela. Aitortu dutenez, protokoloen arabera, maskarak erabiltzea beharrezkoa da soilik langileak edo erabiltzaileak arnas arazoak dituenean, eta protokolo hori aldatzearen beharra ere azpimarratu nahi izan dute, “segurtasuna areagotzeko eta kutsatzeak saihesteko”.