"Herritarren ekimenek izan dezaketen garrantzia antzematen ari gara"
Hirikilabsen proiektuaren misioan dago herritarrek teknologiari lotuta dituzten ekimenak bultzatzea eta teknologiaren ikuspegi kritiko bat sustatzea. Hori dela eta, COVID-19ak sortutako egoeran beren ekarpena egin nahi dute.
Horretarako, 3D inpresio bitartez pantaila biserak inprimatzen ari dira, Covid Euskadi izeneko komunitatearen kide gisa. Ibai Zabaleta da laborategiaren koordinatzailea eta proiektuaren jatorria eta honek zertan datzan kontatu digu.
Nondik atera zen honekin hasteko ideia?
Duela hamar bat egun maker edo ingeniari talde batek —Telegram talde baten parte direnak— arnasgailuak modu ekonomikoan egiteko proiektu bat martxan jarri genuen, horretarako pieza batzuk 3D inprimagailuen bitartez fabrikatzeko. Antolaketa erkidegoka banatu zuten eta Euskadin zenbait pieza egitea tokatu zitzaigun. Kontua da arnasgailuak material sentsiblea direla, mekanikoki konplexuak, eta horien diseinua ez dagoela guztiz finkatuta proba desberdinak egiten ari direlako. Epe luzerako zihoala ikusi genuenez, bitartean 3Dko inprimagailuekin zer egin genezakeen pentsatzen hasi ginen. Bi aukera sortu ziren: maskarak egitea edo pantailak. Maskaren kontua zailagoa da, erabilitako materiala porotsua izan daitekeelako eta horretarako filtroak lortzea ez delako erraza. Hori dela eta, pantailak egitea erabaki zen.
Nolakoak dira eta zein funtzio betetzen dute pantaila bisera horiek?
Diadema moduko pieza bat inprimatzen da 3Dn eta horrek duen zirrikitu batean polibinil klorurozko (ingelesez, PVC) edo azetatozko xafla bat sartzen da. Xafla horiek bulegoetan erabiltzen ditugun plastifikatzaileen orriak dira, ahal bada, 180 mikrogramotakoak. Pantailak horrekin eta goma batekin sortzen dira. Pantaila biserak lehenengo babes bat egiten du tanta txikiak gelditu eta aurpegira ez iristeko. Ondo dago horren atzean maskara ere eramatea babesteko.
Zein produkzio duzue une honetan?
Hirikilabsen egunean zortzi eta hamar artean egiten ari gara. Izan ere, horietako bakoitza egiteko 90 bat minutu behar dira eta soilik 3Dko pare bat inprimatzaile ditugu. Covid Euskadik guztira 300 bat inprimatzaile dauzka martxan eta larunbatetik astelehenera bitarte 3000 bat egin zituzten. Horrek esan nahi du, dena ondo joanez gero, egunean 1000 inguru egin daitezkeela.
Hirikilabs honen guztiaren koordinazio taldean dago?
Bai. Hasieran talde txiki bat ginen, hamar bat pertsonatakoa eta, handitu ahala, talde hori koordinatzeko beharra ikusi da. Koordinazio lanetan hasieratik proiektuan geundenok ari gara eta probintziaka banatu da. Beraz, Gipuzkoa mailako koordinazioan gertuagoko kideekin gabiltza, eta Euskadi mailako koordinazioan ere apur bat laguntzen ari gara logistikan, komunikazioan, diseinuan eta instituzioekin harremanak bideratzen. Egun, 2000 pertsonako talde bat dago Telegramen egunero galdezka, eta gauzak egiten. Horrek laguntza eskatzen du.
Nola funtzionatu du koordinazio prozesu osoak?
Lehenik, diseinu aproposena adostu zen, azken batean bisera pantailak egiteko eredu asko baitzeuden. Horretarako, 3D inpresio probak egin ziren eta osasun arloko langileekin partekatu genituen, erosoagoa edo komenigarriagoa zein zen jakiteko. Diseinua finkatu zenean, Telegram taldean zabaldu zen eta horretarako sortutako webgunean jarri zen deskargarako eredua.
Ondoren, logistika landu zen. Zenbait herritan puntuak finkatu ziren, pantaila biserak hor utzi eta DYAkoek gero jasotzeko. Azken hau posible izateko, inprimagailuak dituzten pertsonak mapa batean kokatzen dute euren burua eta, bakoitzak gutxi gora behera zenbat egin dituen dakigunez, anbulantziak egin behar duen bidea antolatzen da. Hori DYAri pasatzen zaio, anbulantziek jasotzen dute eta ondoren beharrezkoak diren tokitara bideratzen dituzte. Orain, amaierako banaketak nola egin erabakitzen ari gara, dagoeneko batzuk egin ditugun arren, urgentzia zutenentzat edo probak egiteko.
Donostian nonbait erabiltzen ari dira bisera hauek?
Guri zuzenean ez dizkigute eskatu, baina beste erabiltzaileren bati eskatu diote. Badakit anbulantzietako langile batzuk erabili dituztela, eta baita dentistaren batek, hemen inguruan. Baina ez dakit zehazki non ari diren erabiltzen.
Hirikilabsen zenbat pertsona ari zarete honetan lanean?
Hiru pertsona ari gara elkarlanean. Egunean zehar bitan pasa behar dugu inprimagailuak martxan jarri, dena jaso eta pantaila biserak muntatzeko. Txandak egiten ditugu, eta ordutegiak finkatzen ditugu DYAkoekin ere. Astelehenean pasa ziren azkenekoz, eta ostiralean itzuliko dira ziurrenik. Bitartean, laborategian beste prototipo bat ere landu dugu, ez 3D inpresioan egindakoa, baizik eta laserrarekin plastiko edo metakrilatozko diademak moztuta. Momentuz, proba moduan egin dugu, baina posible da beste uneren batean horrelako gehiago egitea. Izan ere, urgentzia baldin badago, askoz eraginkorragoa delako hauek egitea, nahiz eta ez diren hain ergonomikoak.
Pantaila biserak berrerabili daitezke?
Bai. Biserak eta xaflak lixibarekin eta ur beroarekin garbitu daitezke. Eta gero birziklatu ere egin daitezke.
Nola doa donazioen kontua?
Covid Euskadiren webguneak donazioak egiteko atal bat dauka. Une honetan ez da dirurik onartzen, soilik materiala, eta jasotako material hori gero lurralde bakoitzean banatzen da inprimagailuekin lanean ari den jendearentzako.
Zergatik da zuentzat hain garrantzitsua proiektu honetan parte hartzea?
Herritarren ekimenek izan dezaketen garrantzia antzematen ari gara, eta nola horiek beste instituzio eta enpresa batzuk mobilizatu ditzaketen, eta hori interesgarria da. Gu, azken batean, laborategitik herritar ekimen horiek sustatzen eta laguntzen saiatzen gara, ahal dugun heinean. Horrez gain, laborategitik teknologiaren ikuspuntu kritiko bat lantzen dugu. Teknologiek bere gauza onak eta txarrak dituztela ulertzen dugu. Une honetan, modu praktiko batean 3D inprimagailuen teknologiari erabilera bat eman zaiola ikusten ari gara, baina jendeak proiektuak eta sareak sortzeko duen potentzialak aktibatu du hori. Ez da teknologia bera, baizik eta atzean dagoen jendea, sarea eta intentzioa. Eta uste dugu ikasketa hori oso garrantzitsua dela une honetan.