Etxegintzaren babes ofizialeko hainbat alokairu etengo dituzte maiatzean eta apirilean
Donostiako Udalak jakinarazi duenez, Etxegintzak kudeatzen dituen alokairu publikoko etxebizitza parkean bizi diren hainbat maizterrek ez dituzte aldi batean alokairua eta komunitate gastuak ordaindu beharko. Hain zuzen, ekonomia kalteberatasun egoeran dauden mazterrei eragingo die neurri horrek, eta apirila eta maiatzean ezarriko dute. Hala, Donostiako Udalak Eusko Jaurlaritzak etxebizitza arloan hartutako neurriekin bat egin du.
“Alarma egoerak irauten badu, ekainera zabaldu ahal izango da neurria”, adierazi du Hirigintza zinegotziak, Nekane Arzallusek. Horrenbestez, neurri horren onuradun izango dira, osasun larrialdi egoeragatik langabezian gelditzen diren maizterrak, eta autonomoak direnak, baldin eta euren diru-sarrerak %40 edo gehiago gutxitu badira.
Horretarako, Donostiako Etxegintzan eskaera egin beharko dute maizterrek, beti bide telematikoen edo telefonoaren bidez. Eskaera horrekin batera, langabezia egoeraren ziurtagiria, langabezian egoteagatik jasotzen duten prestazioa zehazten duena, aurkeztu beharko dute. Autonomoen kasuan, Foru Ogasunaren ziurtagiria atxiki beharko dute.
“Ez da nahikoa”
Stop Kaleratzeak plataformak ohar bat zabaldu du Eusko Jaurlaritzak hartutako neurrien inguruan. Uste dute horiek “premiazkoak eta beharrezkoak” direla, baina gaineratu dute ez dela nahikoa horrekin. “Neurri horiek osatu egin beharko dira beste neurri batzuekin, izan ere, krisi honetatik atera ahala, leheneratzea ez da erraza izango”, azaldu dute.