Txuri Urdineko mutilen taldeak irailean jokatuko du ligako finala

Izotz Kirolen Espainiako Federazioak atzo jakinarazi zuen 2019-2020 denboraldiko txapelketa guztiak bertan bera geratzen zirela, bi salbuespenekin: Izotz Hockeyko mutilen eta nesken ligako finalak, irailera atzeratuko direnak. Txuri Urdineko mutilek, beraz, irailean jokatuko dute norgehiagoka Puigcerdàren aurka. Neskentzat, aldiz, denboraldia amaitu da.
Federazioak adierazi duenez, finalak mantentzea erabaki dute datorren denboraldiko nazioarteko txapelketetarako klasifikazio moduan balio dutelako, gainontzeko txapelketek ez bezala. Gainera, gehitu zuten erabaki horiek hartzeko bi motibazio handi zeudela: denboraldi amaierara arte txapelketa guztiak egiteko datak topatzeko zailtasunak edukiko zituztela eta kirolariek beren prestaketa fisiko eta mentalarekin izan ditzaketen trabak direla eta, lesioak areagotu eta txapelketek nortasuna gal zezaketela.
Orain zehazteko geratzen da noiz eta non jokatuko duten Txuri Urdineko mutilek finala, eta logika berdina mantenduko den edo norgehiagoka bakarrera jokatuko den.