"Hemengo egoerak ez du zerikusirik zuek bizitzen ari zaretenarekin"
COVID-19ak urtarrila amaieran jo zuen lehen aldiz Singapur, baina kurba nahiko egonkor mantentzea lortu dute azkeneko astera arte. Bizi duen egoeraz, bertan hartutako neurriez eta kudeaketan izan diren desberdintasunez hitz egin dugu hiri-estatu horretan bizi den Ander Zozayarekin.
Sei urte daramatza Ander Zozayak (1982, Amara) Singapurren lanean eta han bertan bizitzen. Bere egunerokotasunak nahiko normala izaten jarraitzen du: lanera doa eta taberna batean jan dezake, nahiz eta COVID-19a gelditzeko jarraibideak bete behar diren edonon eta murrizketak dauden. Izan ere, hiri-estatuak COVID-19aren pandemia kudeatzeko izan duen modua eta hemengoa oso desberdinak izan dira.
Nolatan amaitu zenuen Singapurren?
Shangain 7 urtez aritu nintzen lanean eta ondoren Hong Kongen egon nintzen master bat egiten. Duela 6 urte, SPRIko (Eusko Jaurlaritzako Enpresa Garapenerako Agentzia) ofizina Singapurren irekitzeko aukera suertatu zitzaidan. Hala etorri nintzen, eta geroztik hemen nago.
Zer zabiltza egiten han?
SPRIk nazioartekotzeko laguntzak ematen ditu eta joan den urtera arte euskal enpresei laguntzen aritu nintzen. Orain nire kabuz ari naiz, start-up txiki batean e-commerce eta aholkularitza zerbitzuak eskaintzen.
Noiz hasi zen Singapurgo gobernua neurriak hartzen?
Oker ez banago, duela bi hilabete detektatu ziren lehenengo kasuak, urtarrila amaieran. Txinako turismo asko dator Singapurrera, eta lehenengo kasuak turista txinatarrenak izan ziren, alegia, inportatuak. Une horretan bertan gobernua mezuak bidaltzen hasi zen. Enpresak ere nolabaiteko kontrolak egiten hasi ziren. Esaterako, ni enpresa euskaldun batekin ari nintzen hemen lanean garai hartan. Egunero, paper bat sinatzeko eskatzen ziguten aurreko hamalau egunetan ez ginela Txinan egon jasotzen zuena, tenperaturak neurtzen zizkiguten, eta hitzaldi txiki bat ematen ziguten esanez zenbat kaltetu zeuden edo aholkuak emanez.
Geroztik, zein neurri hartu ditu gobernuak?
Mugak berehala itxi zituzten turista txinatarrentzat. Lehenengo kasua azaldu bezain laster tracing egiten hasi ziren, alegia, pertsona hori non eta norekin egon den bilatzen. COVID-19a izateko probabilitate txiki bat bazenuen, segituan deitzen zituzten etxean gelditzeko eskatzeko eta berrogeialdian ipintzeko. Egia da tracing-a errazagoa dela Singapurren, dena mugikorrarekin ordaintzen dugulako.
Eta sektore pribatuak?
Sektore pribatuak neurri asko hartu ditu. Adibidez, asteartean taberna batean egon nintzen eguneko menua jaten. Sarreran tenperatura hartu eta eskuak garbitzeko eskatu zidaten –edo ia-ia bultzatu–, esertzerakoan erdian eserleku bat utzi zuten eta datu guztiak hartu zizkidaten (izena, telefonoa, zein ordutan egon nintzen bertan…). Horrelako neurri asko hartu dituzte, enpresa txikienetatik hasita, enpresa handienera. Nire neska-lagunak bi aste daramatza etxetik lanean beraien laneko eraikinean kasu potentzial bat zegoelako. 2000-3000 bat pertsona izango dituen eraikin guztia etxera bidali dute.
Bere garaian gehiegikeria iruditzen zitzaigun, baina orain pentsatzen dut: bada, zein ongi. Hemen, hartutako neurriei esker lortu dute dena ez ixtea eta kontrolik gabeko puntura ez gara iritsi, momentuz behintzat.
Zein unetan zaudete orain?
Bigarren fase batean gaude, bigarren olatu batean. Kasuak nabarmen hazten ari dira eta azaltzen ari diren kasu gehienak, berriro ere, inportatutakoak dira,baina kasu honetan kanpoan bizi diren eta etxera itzultzen ari diren Singapurreko hiritarrenak. Duela bi-hiru astetik sartzen den pertsona orok hamalau egunez egon behar du bere etxean. Gainera, joan den asteartean, Singapurreko gobernuak apirilaren 30era arte indarrean egongo diren neurri berriak ezarri zituen, besteak beste, diskoteka, gaueko taberna edo zinema eta antzerki aretoen itxiera, erlijio zerbitzu eta kongregazioak bertan bera uztea, edo eskola edo lanetik kanpoko bilerak 10 pertsonatara murriztea asko jota.
Horrez gain, aplikazio berri bat deskargatzeko esan digute. Aplikazioak bakoitza une oro non dagoen eta norekin gurutzatu den detektatu eta informazioa gorde egiten du. Modu horretan, norbaitek positibo ematen badu, badakite zeinekin gurutzatu den eta prozesua erraztu egiten du. Honek mahai gainean ipintzen du norberaren pribatutasunaren eta segurtasunaren arteko eztabida. Baina nik, une honetan, nahiago dut bigarrena lehenetsi.
Zein esango zenuke dela COVID-19aren kudeaketan egon den desberdintasun nagusia Singapurrekoaren eta hemengoaren artean?
Nire ustez, desberdintasun nagusia hasierako fasean izan zen. Uste dut Asian esperientziak zituztela bai ASALarekin –Arnas sindrome akutu larria (ingelesez, SARS), 2002-2003. urtean Asiako herrialde askok pairatutako izurritea– eta bai EEASarekin–Ekialde Ertaineko arnas sindromea (ingelesez MERS), 2015-2018 urte bitartean batik bat Hego-Koreak eta Ekialde Ertaineko zenbait herrialdek pairatutako izurritea–. Hildakoen kopurua ez zen handia izan, baina ekonomiak beherakada garrantzitsua izan zuen. Horregatik, COVID-19ren ondorioak murrizteko neurriak hasieratik hartu zituzten. Europan ez zegoen horrelako aurreko esperientzia nabarmenik eta ohiko gripe bat bezala interpretatu zen. Gripea urtero dago eta nolabait ohituta gaude horretara. Nahiz eta uzten duen hildako kopurua handia den, ekonomikoki ez dago ondorio askorik. Nik uste dut horrek asko eragin duela egoeraren kudeaketan.
Zu nola ari zara bizitzen?
Hemengo egoerak ez du zerikusirik zuek bizitzen ari zaretenarekin. Egia da hainbat neurri jarraitu behar ditugula, baina egunerokotasuna ez da hainbeste aldatu. Beraz ondo daramat. Hala ere, familiakoak urrutik ikustea une honetan eta ikusita nola dagoen egoera Euskal Herrian ez da erraza. Azken batean, gurasoak zahartzen ari dira. Edozein kasutan, konfinamendua amaitzean, gauzak birplanteatu beharko direla uste dut. Taberna bat duen kuadrillako batekin komentatzen nuen agian Singapurgo jatetxe eta tabernetan egiten ari direna egin beharko duela berak ere (tenperatura hartu, distantziak ipini). Baina han bizi zaretenei oro har arraro egiten zaizue hori planteatzea. Eta posible da beharrezkoa izatea normaltasunera itzuli bitartean.