Dena aldatu(ko) duen birusa
Ia bi aste pasa dira koronabirusak eragindako osasun krisia dela eta, Espainiako Gobernuak estatu osoan alarma egoera ezarri zuenetik. Ordutik, herritarrak euren etxeetan konfinatuta daude, eta urrutikoak dirudite kaleak jendez gainezka zeuden egunak.
Orain, kale eta tabernetan sozializatu ordez, balkoi eta leihoetan egiten dugu bizitza. Batzuek lantokiak utzi, eta etxetik ari dira lanean, eta beste batzuek zailtasun gehiago izan dituzte edo kaleratuak izan dira, normaltasunera itzultzean euren lanpostuak berreskuratzeko bermerik gabe.
Argi dago COVID-19a gizartean modu askotan eragiten ari dela, baina ezinezkoa da jakitea nola eragingo duen etorkizunean. Nolakoak izango dira hemendik aurrera gizarte harremanak? Izaki are sozialagoak izango gara? Galdu diren lanpostuak berreskuratuko dira? Krisi ekonomiko batek jarraituko dio osasun krisiari? Psikologikoki, zein eragin izaten ari da etxean itxita egotea? Nola eragingo du etorkizunean? Zer egin dezakegu konfinamenduaren kalte psikologikoak murrizteko? Hori guztia aztertzeko, Aitzpea Leizaola antropologoa, Mikel Navarro ekonomista eta Saioa Otegi psikologoa elkarrizketatu ditugu.
Leizaolak gizarte harremanetan gertatzen ari diren aldaketen nondik norakoak azaldu dizkigu, eta nabarmendu du egoera honek jarrera positibo zein negatiboak agerian uzten dituela. Era berean, gizarteak aurrera egin dezan lanean ari diren langileen jarduna nabarmendu du, besteak beste, osasun arlokoena, dendariena, banatzaileena, garbitzaileena eta erresidentzietako langileena: “Egoera honek erakusten du zer langile diren ezinbestekoak gizarteak funtzionatu dezan”.
Navarrok, aldiz, konfinatuta egoteak eta produkzioaren zati bat geldituta egoteak orain arte izan duen eragin ekonomikoaz mintzatu da, eta azaldu du produkzioa guztiz geldituko balitz “ondorio latzak” egongo liratekeela. Horregatik, osasun baldintza zorrotz batzuk bermatuz lan egiten jarraitzearen aldeko apustua egin du. Era berean, 2008ko krisiarekin alderatu du koronabirusak eragin duena, eta desberdintasun asko dituela adierazi du: “Galdu diren lanpostuak ez dira galdu konpetitiboak ez direlako, osasun krisi bati lehentasuna eman behar diogulako baizik”. Krisia amaitzean, lanpostu horiek berreskuratu daitezkeela azaldu du, eta nabarmendu du erakundeek horren alde egin behar dutela lan.
Konfinatuta egoteak orain arte izan dituen eta etorkizunean izan ditzakeen eragin psikologikoen inguruan mintzatu da Otegi, baita horren aurrean egoera zaurgarrienean dauden kolektiboez ere. Era berean, gehiago edo gutxiago, denok suminkortasuna, tristura, beldurra, haserrea eta horrelako sentsazioak izango ditugula nabarmendu du, are gehiago, egunak pasa ahala: “Konfinamendu egoeretan, antzeman izan da hamar egun pasa ondoren suminkortasuna nabarmenagoa izan daitekeela”. Horri guztiari aurre egiteko hainbat gomendio erabilgarri eman ditu, eta azpimarratu du egoera honetatik ondorio positiboak ateratzen ahalegintzeko garrantzia.