"Sentitzen dut gizarteak berehalakotasuna eskatzen duela etengabe, eta ezin garela ordubetez ere aspertuta egon"
Hiru hilabetez kontzertuak bilatzen aritu da Iker Lauroba musikari donostiarra, bere azken lana zuzenean aurkezteko. Bi emanaldi besterik ez ditu lortu. Alarma egoeraz geroztik, ordea, kontzertu birtualak emateko eskakizun ugari izan ditu.
Oihartzun handia izan du aurreko astean Iker Lauroba donostiarrak plazaratutako iritziak. Musikarien lana balioan jarri behar dela aldarrikatu du, eta ez bakarrik larrialdi egoeretan entretenimendu gisa.
Zergatik sentitu zenuen beharra gai honen inguruan iritzia emateko?
Iker Lauroba (I.L.): Kritika kutsua badu, baina batez ere testua idazteko arrazoia frustraziotik dator, nolabait. Kontzertuak lortzea izugarri kostatzen ari zitzaigun proiektu berria aurkezteko. Orain seikotea gara, eta formatu berezi horrekin zaila da taberna txikietan kontzertuak ematea. Aretoak bilatzen ibili naiz hiru hilabetez, Euskal Herrian kontzertu batzuk emateko, eta bi besterik ez ditut lortu: bata Dokan, lagunak ditudalako, eta bestea lagun batek antolatzen zuen jaialdian. Frustrazio hori neukan barruan, eta bat-batean, alarma egoeran sartzerakoan, Internet bidez sei kontzertu emateko eskaintza jaso nuen (beste hiru iritzia idatzi ondoren).
Tamalez, gainera, batzuk lanera joatera behartuta gaude egun hauetan, musikari gutxi bizi baitira musika egitetik bakarrik, eta horrek ere hamorru handia sortarazi zidan. Nola da posiblea 40 pertsona inguru fabrikan egotea eta hori ez gelditzea, eta gero gainera polizia atzetik segika izatea, ogiaren bila zoazenean?
500 like baino gehiago, 70 iruzkin… Nolako iritziak jaso dituzu testuaren harira?
I.L.: Horrelako zerbait idaztean ez dakizu nola erantzungo duen jendeak. Pixkanaka handitzen hasten da. Badirudi jendea identifikatua sentitu dela, entretenimendua azkar egin behar horren sentsazioarekin. Gai asko aipatzen ziren testuan, gainera: lanaren kontua, musikariek kontzertuak aurkitzeko zailtasunak…
Zure kasua eta zure taldearena aipatzen zenuen gehienbat. Uste duzu egoera antzekoa dela bertako beste artista eta kulturgileen artean?
I.L.: Bai, zalantzarik gabe. Bai sona gehien duten artistei eta baita artista txikiei ere eragin egin digu. Izaroren birarako dena prest genuen, lan handia eskaini diogu eta Kursaalean kontzertuak genituen, eta hori ere atzeratu behar izan da. Jende askok idatzi du arazo honen inguruan: Eneritz Furyakek, musika bere diru iturrien zati handi bat dela azalduz, Liherreko Lide Hernandok ere bai… Gure ogibidea da hein batean, eta lagun musikari gehienei gertatzen zaien zerbait dela uste dut, hein batean edo bestean. Ni fabrika batean nago lau orduz, baina nire diru iturrien beste zati handi bat musikagatik lortzen dut. Profesionaltzat hartzen dugu gure burua, ordu asko eskeintzen diogu honi, baina askotan trukean jasotzen duguna ez da profesionala, amateurra baizik.
Kontzertu ugari egiteko eskatzen dizuete egun hauetan. Kontzertu hauen helburua kultura sustatzea ala etxean dagoen jendea ez aspertzeko entretenimendua bermatzea da?
I.L.: Denetarik egongo da. Badu entretenimendu kutsu handi bat, baina badu ere aukera aldarrikatzeko dei bat egiteko. Dena pilatu egin da, eta eskaintza gaindosi horrek harritu egin nau. Ni prest nago jotzeko eta horrelako ekimenetan parte hartzeko, eta askotan jo dut dohainik, egoerak hala eskatu badu. Baina jendea konturatu behar da guretzako ‘makilkada’ handia izan dela hau. Musika gure ogibidea ere bada, ez bakarrik jendearentzat entretenimendua.
Gainera, gure ‘habitata’ edo eroso sentitzen garen lekua ez da Internet bidez kontzertuak ematen egotea, eszenatokietan jotzea baizik. Aldarrikatu nahi duguna zera da: oso erosoa da etxetik kontzertuak ikustea, eta are gehiago beste aukerarik ez dugun momentu honetan; baina hau amaitzean ez da horrenbeste kostatzen hiru edo lau lagun bildu, kontzertu batera joan eta disfrutatu, eta gero zerbait hartzera joatea elkarrekin. Aurrerantzean kultura hori sustatu nahi dugu, nahiz eta orain beharrezkoa den etxean geratzea.
Ezohiko egoera bizitzen ari gara denok. Kalean eta jendearekin egotetik etxean egotera behartuta ikusi dugu gure burua, eta horrek antsietate moduko bat sortu du. Jendeak bakarrik egoten badakiela uste duzu?
I.L.: Sentitzen dut gizarteak berehalakotasuna eskatzen duela etengabe, eta ezin garela ordubetez ere aspertuta egon. Askorentzako misterioa dela uste dut. Pertsonaren arabera, bakoitzak egoera bere erara kudeatuko du. Hala ere, iruditzen zait askotan lasaitasuna beharrezkoa dela. Ni nahiko ‘etxeko’ bihurtu naiz, disko bat grabatzen nagoenean etxeko estudioan egon naiteke sartuta arratsaldeak eta arratsaldeak, baina atera ezin zarela jakiteak psikologikoki gehiago eragiten du. Hortaz, lasaitasunez hartu behar da: egoera honetan gaude, baina hortik aterako gara aste batzuk barru.
Inoiz baino eduki gehiago kontsumitzen ari gara: musika, pelikulak, telesailak, liburuak… Kontsumo mota hori egokia izaten ari da?
I.L.: Estresagarria iruditzen zait, kasu batzuetan. Jendearekin hitz egiten dut, eta serie hau edo bestea ikusi duzun galdetzen dizute. Ez dakit zenbat denboraldi edo kapitulu asteburu bakar batean ikusi dituztela esaten dizute. Behin norbaiti entzun nion abiadura normalean ikusi ordez, azkartu egiten zituela atalak… Nik ez dut denbora izaten normalean telesailak ikusteko. Nahiago dut gustora eta lasai ikusiko dudan pelikula bat jarri, edo liburu bat irakurri, eta horren inguruan hausnartu. Ikusi eta berehala beste batekin jartzen bazara, ez dizu denbora ematen behar bezala prozesatzeko.
Aipatu duzu lanean aritzen zarela egunez, musikan ez ezik…
I.L.: Zirkuitu elektronikoak egiten ditut, eta aurten lanaldi erdia egitea erabaki nuen. 20 urte baino gehiago daramatzat zortzi ordu lan egiten, baina aurten etxeko estudioan eta musikan zentratu nahi nuen.
Nola bizitzen ari zara zu konfinamendua? Zer egiten duzu etxean zaudenean?
I.L.: Momentu honetan estudioan sartuta nabil. Lanetik atera, bazkaldu, eta nire hurrengo diskoa grabatzera sartzen naiz. Bide batez, hurrengo diskoa aurreratzeko aprobetxatzen ari naiz, horrela aurrerago lasaiago ibiltzeko. Gustatzen zait diskoak lasaitasunez egitea. Udazkena eta Negua diskoak atera nituen, eta hurrengoa, Udaberria izenarekin, bi aste barru grabatzen bukatuko dut, azaroan kaleratzeko asmoarekin. Erronka gisa hartu nuen urtero urtaro batekin disko bat egitea da, eta oso gustora nabil oraingoz, denbora gehiago dudala. Pentsatzen dut hilabete igarotakoan nazkatuta bukatuko dugula denok etxean egoteagatik (barreak).