Venusen zine eskola
‘WOMEN MAKE FILM’
Zuzendaria: Mark Cousins
Urtea: 2019
Herrialdea: Britainia Handia
Mark Cousins, saiakeragile eta kritikaria, gure artean dugu berriro. Oihartzun handia izan zuen The story of film: An Odyssey (2011) telesailarekin zinemaren historia gogora ekarri, «klasikoak» aztertu eta industriaren nondik norakoak mahai-gaineratu ondoren, eta oraingoan, emakume zinemagileen begiradak izango ditu oinarri, zinema mundura gerturatzeko. Horien lanak aintzat hartuz, zinemaren historian merezi duten tokia berreskuratu dezaten.
Baina Women make film (2019) telesailak ez digu zuzendari horien ibilbidea kontatuko, ezta zergatik ez zuten merezitako oihartzuna lortu azalduko ere. Ez digu zinemaren «beste historia» kronologikoki adieraziko, eta ez du emakumeek zuzendutako film hoberenen zerrenda eskainiko. Ez ditu gizonen eta emakumeen zinemaren arteko desberdintasunak aztertuko. Mark Cousinsen proposamena bestelakoa da: mundu osoko emakume zinemagile desberdinek 1943-2013 urteetan zehar sortutako lanen inguruko ikerketa zinematografikoa eskaintzea. Eta nola ez, emakumezko zuzendariak izango dira masterclass honetako irakasleak.
Hartu arkatza eta papera, Women make film hastera doa eta.
Telesailaren hamalau kapituluetan zehar, Cousinsek film desberdinen sekuentziak aurkeztu eta horien bereizgarritasunak -irekierak, tonua, sinesgarritasuna, pertsonaiak, elkarrizketak, enkoadraketa, travelina, eszenaratzea, muntaia, ikuspegia, lehen planoak, erritmoa, generoak, soinu banda eta amaierak, besteak beste- aztertuko ditu. Dokumental gisa oso konbentzionala bada ere, hain dira ikaragarriak sekuentzia batzuk eta ezezagunak beste batzuk, telesailak guztiz harrapatzen duela ikuslea.
Gainera, kontalariek -Tilda Swinton, Jane Fonda, Debra Winger, Adjoa Andoh, Kerry Fox, Thandie Newton eta Sharmila Tagore- kotxez egingo duten bidaiak gidatuko du lan guztia, film desberdinen analisia bideratuz eta dokumentala road trip didaktiko batean bilakatuz.
Tamalez, sekuentzien analisiak askotan ez dira behar bezain sakonak, eta nik ez dut beti bat egiten filmen aukeraketarekin. Baina Cousinsek lehen kapituluan adierazten duen bezala, «baliteke zure film edo zuzendari gustukoenak ez agertzea. Helburua ez baita emakumeek zuzendutako filmen aukeraketa zehatza egitea, ikusleei aurkikuntzak eskaintzea baizik. Ikusle bakoitzak bere ezagutza zinematografikoaren mugak gainditzea».
Eta lortu egiten du. Ospea lortu duten zinemagileez gain -Agnes Varda, Ida Lupino, Chantal Akerman, Kathryn Bigelow, Lynne Ramsay, Maren Ade edo Andrea Arnold- Women make film telesailak beste asko ezagutaraziko ditu. Zergatik ez dugu Txina, Iran, Australia eta Finlandiako emakumezko zinemagileen lana ikusteko aukerarik izan? Zergatik ez dute banatzailerik eta ibilbiderik izan?
Dokumentalak aurrera egin ahala, gero eta luzeagoa da nire «ikusi beharrekoen zerrenda». Azken finean, Women make film hasiera besterik ez da. Telesaila ikusi ondoren, historiak gaitzetsi dituen maisulan ugari ikusi nahiko dituzu eta.
MOVISTAR+ plataforman dago ikusgai Venusen zinema masterclass hau. Ezinbestekoa egun bizitzen ari garen itxialdiari etekina ateratzeko, eta industriak isilarazi duen zinemaren «beste historia» ezagutzeko.