"Alarma egoera igarota, gizarteari sartu zaion beldurrak eta segurtasun beharrak hor jarraitzeak kezkatzen nau"
Espainiako aginte militarrek koronabirusaren alarma egoeran telebistan egin dituzten agerraldien harira, ‘Gerran gaude, baina ni ez naiz haien soldadua’ izeneko artikulu interesgarria argitaratu zuen joan den astean Endika Zulueta (Donostia, 1964) abokatuak, El Salto aldizkariaren webgunean. Idatzi horretan aipaturiko kontuez hitz egin dugu berarekin.
COVID-19 birusaren aurkako borroka gerra gisara definitu dute Espainiako Estatuko agintari nagusiek. Zergatik erabiltzen dute erretorika belizista hori?
Gerra deklarazio batek etsaiaren eta bere aurka babesten gaituen armadaren identifikazioa dakar. Etsaia birusa da, eta armada, berriz, Guardia Zibila, Espainiako polizia eta udaltzaingoak dira, ‘gu zaintzen gaituztenak’. Herritarrok, bestetik, gure oinarrizko eskubideen mugatzea onartzen dugu bitartean, diziplinaz eta txintik esan gabe.
Horrez gain, gerra deklarazioak herritar askok ohituraz militarrenak diren balioak barneratzea ekarri dezake: diziplina, obedientzia itsua, matxismo porrokatua eta, halaber, hizkera belikoa. Eta, era berean, beldurraren presentzia dakar.
Izuturiko gizarte bat domestikatuta dagoen eta hezigarria den gizarte bat da. Segurtasun gehiago lortze aldera askatasun eremu gehiago lagatzeko prest dagoena: “Egin ezazue nahi duzuena, baina salba gaitzazue”.
Gerra osasun publikoko arazo bati deklaratu diote, ordea.
Herrialde honetan historikoki arbuioa sortu duen erakunde bat zuritzeko enegarren saiakera besterik ez da. Golkoko gerran berdina egin zuten. Eufemismoak erabiliz, soldaduak, gerrara ordez, misio humanitarioetara bidaltzen zituztela errepikatzen ziguten. Orain, berriz, ‘gerra’ hitza erabiltzen dute zahar egoitzak desinfektatzen eta ospitaleak garbitzen ari direnean. Zeregin hori, gainera, pertsonal zibil espezializatuak egin beharko luke, eta ez militarrek. Aitzakia moduan erabiltzen dute haien existentzia –eta aurrekontuetatik jasotzen duten dirutza– justifikatzeko.
Hizkera horrekin herritarron kontzientzian eta jokamoldean eragin nahi dutela uste duzu, hortaz.
Hizkera ez da neutroa: hizkera bat da, eta baita bere atzean ezkutatzen diren balioak ere. Eta balio horiek gizartean betiko gera daitezela bilatzen dute, bai.
Zein arrisku dauzka herritarrak halako trikimailuetan erortzeak?
Izututa bizi den gizarte batek basakeriak onartu ditzake bizirauteko. Zenbaterainoko prezioa ordaintzeko prest zaude bizirik jarraitzeko? Zure duintasuna ere emango zenuke? Kontzientzia soziala zapuzten du, eta soilik epe laburrerako pentsatzen uzten digu. Gure segurtasuna zaintzeko eskumen osoa haiei ematea azeria oilategia zaintzen jartzea da.
Balkoietako ‘zelatariei’ buruz ere hitz egin da; kaletik norbait ikusten dutenean poliziari deitzen dioten pertsonak, alegia. Jokabide horrek krisi hau kontatu diguten moduarekin zerikusia izan dezakeela uste duzu?
Gerran bagaude, gure alde –eta gure armadan– ez dagoena gure etsaia bilakatzen da. Kalean ageriko justifikaziorik gabe dagoen pertsona bat birusaren potentzial bilakatzen da, eta, ondorioz, etsaiaren aliatua da. Eta etsaiak ez du eskubiderik. Halako egoera baten aurrean poliziari deitzea gero eta normalizatuagoa dago, baita agenteen gehiegikerien aurrean izaera ulerkor bat agertzea ere.
Mundu guztiak dauka bere bere istorioa azaldu eta duintasunez tratatua izateko eskubidea. Agerraldi bakoitzean, ordea, aginte polizialek etengabe errepikatzen digute ez dutela tolerantziarik izango “solidarioak ez diren jarrerekin”. A zer nolako paradoxa, inoiz ez ikusia: polizia elkartasun eza zigortzen.
Alarma egoera ezarri zenetik, eskubide sozial ugari bertan behera utzi dira, ia eztabaida publikorik gabe eta itzultzeko data ziurrik gabe. Entrega hori errazegi egin dela uste duzu? Egoera salbuespenekoa da, baina, era berean, aurrekari bat sortu du.
Ez zait iruditzen alarma egoerak dakarren aurrekari horrek kezkatu behar gaituenik. Azken finean, diozun moduan, hori salbuespeneko egoera batean hartu den salbuespeneko erabaki bat da. Nire ustez, kezkatu behar gaituena da, behin alarma egoera igarota, gizarteari sartu zaion beldurrak eta segurtasun beharrak bere horretan jarraitzea, eta gizarteak lehen aipaturiko balio militarrak barneratzea.
Dena dela, ni oso optimista naiz, eta elkar ukitu, besarkatu eta muxuak emateko gogoz egongo garen moduan, gure askatasun eremuak ere berreskuratzeko irrikaz egongo garela uste dut. Eta ez ditugu erraz askatuko. Ez diegu batere erraz utziko.
Konfinamendua betetzen ez duten herritarren artean atxiloketak egiten ari direla entzuten da egunero. Zertan oinarritzen dira, baina, atxiloketa horiek justifikatzeko?
Alarma egoeraren dekretuaren arabera, zirkulazio libreari ezarritako murrizketen arau hausteak soilik zigor ekonomiko bat dakar. Atxiloketak, aldiz, autoritatearen aurkako erasoekin eta desobedientzia edo erresistentzia delituekin justifikatzen dituzte, eta, egoera horietan, polizia bera delituaren objektu bilakatzen da. Kasu horretan, aurkezturiko froga bakarrak agenteenak izaten dira, eta herritarraren babesgabetasuna erabatekoa izaten da.
Gainera, hedabideetan, ehunka hildakoen kopuruak eman ostean, herritarren artean jarri diren milaka isunez eta egin diren ehunka atxiloketez hitz egiten digute, bi gauzen artean lotura zuzen bat dagoela aditzera emanez.
Egoera honetan, poliziak gehiegikeriaz jokatzeko erraztasun gehiago dauzkala iruditzen zaizu?
Konfinatuta gauden arren, inolako justifikaziorik ez duten atxiloketen grabazioak ikusi ditugu, baita atxiloketetan poliziaren gehiegizko indarkeria erakusten dutenak ere. Berritasuna da, auzo xumeetan ere poliziaren aktuazio horiek txalotzen dituzten herritarrak ikusten ari garela, haien parekoei elkartasun eza leporatzen dietenak agintariak arazoaren arduradun gisa identifikatu beharrean.
Zure iritziz, nola egin beharko genioke aurre herritarrok koronabirusaren arazo honi?
Limoiak barra-barra badatozkigu, egin dezagun limonada. Etxean sartuta egon behar badugu, begira dezagun kanpora, eta baita barrura ere. Ordenatu ditzagun burua eta bihotza; sustatu dezagun elkartasuna; gauzatu dezagun elkarren arteko babesa, guztion hazkunde kolektiboa. Arazo honetatik, edo aterako gara edo ez gara aterako. Ateratzen bagara, ez dadila armada gisa izan, hiritargo arduratsu eta solidario gisa baizik. Eta, batez ere, honek guztiak balio dezala gure kontzientzia kritikoa indartzeko. Momentuz, saia gaitezen behintzat ausardia eta optimismoa elkar kutsatzen, beldurtuta nahi gaituztelako.